Egin berria du abenduaren 18an Habanan urteko bere Biltzar Nagusia Kubako Euskal Etxeak. "Centro Vasco Navarro de Beneficencia" izenpean 1877an sortua, Ongintzako Euskal Elkartea eta Habanako Euskal Etxea izenak ere erabiltzen ditu munduko euskal etxe zaharrenetakoa den honek. Renato Garcia Egusquiza 2012tik presidente duela, elkartea bere burua prestatzen ari da 2017ko uztailean bere 140. urteurrena ospatzeko. Gonbitea ere luzatzu die presidenteak munduko euskaldunei: "Zaztozte gurekin bat egitera, ez zarete damutuko" aldarrikatu du EuskalKultura.com-en bidez.
Habana, Kuba. 2017rako egitasmo handiak ditu esku artean Kubako Euskal Etxeak. Izan ere, elkarteak bere sorreraren 140. urteurrena beteko du eta dagokion moduan ospatu nahi du. Besteak beste, munduko euskaldunei gonbitea luzatuz datorren uztailean Habanara inguratu eta parte har dezaten. "Musikariak, artistak eta euskal kulturari dagokionez zeozer ekar dezaketenei deia luzatu nahi diegu; baina horiekin batera, euskal herritar guztiei, Euskal Herrikoak edo Diasporakoak izanik. Eurekin eta gainerako kubatarrekin ospatu eta elkarbanatu nahi dugu gure euskal-kubartasunaren harrotasun eta bozkarioa", adierazi dio Garcia Eguskizak EuskalKultura.com-i.
Datorren urtea etorri bitartean, elkarteak Bazkideen Bilera Orokorra egin zuen iragan abenduaren 18an, aurtengo ekitaldien balioespena eginez. Bilkuran elkartearen emaitza ekonomikoak ere aurkeztu ziren, eta horrez gain, urtean zehar bazkideen artean egondako alta eta bajen berri eman zen. Zoritxarrez, 2016ean 10 bazkide zendu dira, baina elkarteko presidente Renato Garcia Egusquizak azpimarratu duenez, bazkide berriak ere egin dira. "Bazkide berri hauetan gehienak euskaldunen ondorengo zuzenak dira", aipatu du presidenteak.
Gonbitea 140. urteurrenean Habanara etortzeko
Euskal Etxea egitarau zabala ari da prestatzen bere 140. urteurrena ospatzeko. Aurreikusita dauden ekitaldien artean aipa daiteke Joseba Gotzon musikari getoztarrak Habanan emango duen kontzertua. Izan ere, 2017an Joseba Gotzon nazioarteko bira egiten ibiliko da, Euskal Selekzioaren 80. urteurrenaren karietara. Kontzertuarekin batera erakusketa eta dokumental baten emanaldia ere egingo dira musikariak prestatu duen ikuskizunaren baitan.
Baina kontzertu horretaz gain, euskal etxeak beste hainbat ekitaldi egingo ditu, astebetez luzatuko den egitarauan. Zehaztu eta oraindik airean dauden proposamen eta datak ixten joan ahala adierazten joango dira.
Festa handi honez gain, elkartearen urteroko jarduera eta ohiko festak ere egingo ditu Euskal Etxeak, hala nola Aberri Eguna, San Fermin... Elkarteak ekitaldi hauetan parte hartu eta lagundu nahi dutenei eurekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatu die, avnb@enet.cu emailera idatziz.