Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Baxe Nabarreko hiriburu Donibane Garazin egingo da datorren asteko ostegunean, irailaren 8an, Euskal Diasporaren Eguneko aurtengo ekitaldi instituzionala, eta bertaratzeko dei irekia egin dute antolatzaileek Diasporari lotutako herritarrek eta hala nahi duten herritarrek oro parte hartzeko gonbitea eginez. Ekitaldia arratsaldeko seietan hasiko da Harresi ondoan, Merkatu Estalian eta Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Iparraldeko Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-René Etchegaray, eta hiriko alkate Laurent Inchauspé izango dira buru.
Saioaren baitan hitzaldi eta partaidetzak batuko dira eta dokumental adierazgarri bat proiektatuko da lekukotasunak bildurik euskal diasporaren esangura eta garrantziaz, Erakundeetako ordezkariekin batera, Diasporako jendea ere inguratzea espero da, izan ere Garazi aldea eta Baxe Nabarre osoa emigrazioari zinez lotutako eskualdea izan baitira duela hamarkada gutxi arte, eta bertako familia gehienenetan betetzen baita Pierre Lhanderen esaldi famatu hura, euskalduna izateko nahitaezkoa dela Amerikan osaba bat izatea zioena.
Diasporari buruzko erakusketa
Ekitaldiarekin batera, eta eguneko programako parte, euskal diasporari buruzko erakusketa bat egongo da zabalik Udaletxe aurrean, euskaldunen emigrazioaren ibilbide historiko bat eskainiz XIX. mendetik gaurdaino, ehun argazki eta dokumentu erakutsiz, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesezko testuak daramatzaten bederatzi paneletan banaturik.
2022ko Euskal Diasporaren Eguna sustatzen duen bideoa
Gogoratu irailaren 8an bertan baina baita aurreko eta ondoko egunetan ere ekitaldi andana bat antolatuko direla munduan zehar, euskal etxe eta komunitateek eta kanpoan bizi diren euskaldunek antolaturik Euskal Diasporaren Egunarekin bat eginez. Euskalkultura.eus-ek artikulua argitaratuko du datorren astean horietako esanguratsuenen berri emanez. Bertan agertzeko, aski duzu emaila eta informazioa bidaltzea info@euskalkultura.eus-era. Baina Jaurlaritza ere ari da hitzordu horiek biltzen, mundu mailako zerrenda eta dokumentu bat egin eta zabalkundea emateko. Bidali zure informazio hori euskaletxeak@euskadi.eus helbidera. Onena, bi emailetara bidaltzea.
Aurkezpena euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz
Donibane Garaziko ekitaldiaren aurkezpena atzo egin zen hiriburu baxenabartarreko Udaletxean eta mahaiko partaide izan ziren hiriko alkate Laurent Inchauspe, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoko kontseilari, Kontseilu iraunkorreko eta Kontseilu eragileko kide Joseba Erremundeguy, eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu ere bertan zela.
Bosgarren edizioa izango du aurtengoa Euskal Diasporaren Egunak eta orain artean Gasteizen (2018), Bizkaiko Ispasterren (2019), Gipuzkoako Ormaiztegin (2020) eta berrriz ere Gasteizen (2021) egin izan ditu saioak, azken bi urteotan pandemiak baldintzatuta.