Buenos Aires, Argentina. Munduko beste anitz euskal etxe bezala, Argentinakoak ere prest daude bihartik aurrera ENE ospatzeko. Festa honekin batera, 2014ko ikasturtearen amaiera ere ospatuko dute urte osoan zehar lan handia egin duten erakundeek.
Azulgo Gure Txokoa
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: hiru ekintza egingo dituzte aurten azuldarrek Euskararen Eguna ospatzeko. Hasteko arratsaldeko ordu 2etan, hiriko haurtzaindegi bateko bost urteko neska-mutilak jasoko dituzte jolas arratsalde pasatzera. Aktibitate batzuen bidez, euskarazko hitz batzuk irakatsi eta euskal etxean zer egiten duten erakutsiko diete umeei. Iluntzean, 8ak aldean, Zortzi euskal abizen pelikula proiektatuko da, herriko Cacho Nebia zine aditua lagun. Ekimena publiko orokorrarentzat da. Hirugarren ekintzari dagokionez, komunitateari begira izango da eta euskal etxeko kaleko dendei euskarazko izenak jartzea izango da; hau da, abenduaren 3an, ‘panadería’ okindegia bihurtuko da, ‘librería’, paper denda, eta ‘peluquería’, ileapaindegia, adibide batzuk aipatzearren.
Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: ENEri buruzko informazioa zabalduko dute euskal etxekoek herriko irrati eta egunkarietan. Euskararen aldeko bideo bat ere egingo dute, 3an bertan kaleratzeko. Ikasturtearen bukaerako topaketa, ordea, abenduaren 10ean izango da, etxeko tabernan eta euskarazko jokoekin.
Bahia Blancako Union Vasca
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: jaia arratsaldeko 8etan hasiko da, danborradarekin. Segidan, "Euskaraz Eskertu eta eskatzen" egingo da. Kandela flotagarri gorri, berde eta zuriak piztuko dituzte partaideek zerbaiten eske edo zerbaitengatik eskertuz eta flotatzen utziko dira jaian zehar. Horren ostean, "Agurra euskarari" kantatu eta dantzatuko dute, jolasak egingo dituzte eta ikasleek egindako diaporama proiektatuko dute. Bukatzeko aurtengo tailerretan ikasitako abestiak eta dantzak egingo dituzte ikasle eta irakasleek. Jaian zehar euskararen alde egindako posterrak ikusgai egongo dira hormetan. Pintxoak eta garagardoa ez dira faltako eta gonbitea komunitate osoari dago luzatuta.
Buenos Aireseko Laurak Bat
-ABENDUAREN 13AN, LARUNBATA: Euskararen Nazioarteko Eguna urte bukaerarekin batera ospatuko dute Laurak Bat-eko kideek. Afaria, euskarazko bideoak eta karaokea egoitzako kintxoan izango dira.
Buenos Aireseko Euskaltzaleak
-ABENDUAREN 12AN, OSTIRALA: 20:30etan, Euskararen Eguneko Jaia Kataluniar Etxeko areto nagusian, Chacabuco kaleko 863an. Festaren baitan, Euskaltzaleak-eko abesbatzak emanaldia eskainiko du. Ondoren, euskara talde guztiek aktibitate bana egingo dute, tartean esketxak, abestiak eta jolasak. Pandero eta dantza tailerreko lagunak ere aurkeztuko dira. Txartelak erreserbatzeko, euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidera idatzi behar da.
Chivilcoyko Beti Aurrera
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA. Euskararen Nazioarteko Egunari buruzko zabalkunde lana egingo dute euskal elkarteko kideek bertako prentsa idatzian eta irratietan; ABENDUAREN 6AN, LARUNBATA, euskarak aipamen eta tarte berezia izango du Euskal Etxeak urtea bukatzeko antolatu duen ekitaldi handian. testuak irakurriko dira euskaraz, paperak banatuko dira, azalpenak emango euskarari buruz, guztia Euskara Taldearen eskutik
Cordobako Gure Txokoa
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: arratsaldeko 5etatik aurrera, ziurtagiriak eskuratuko zaizkie euskara ikasleei. Zeremoniaren baitan, euskarazko kantak, jolasak eta Cordobatarrak gidatutako dantza batzuk egingo dira. Afari arina ere eskainiko die euskal etxeak egoitzara bertaratzen diren guztiei.
Cordobako Gerora
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxiarazitakoen topaketa. Seigarren topaketa honetan, piemontear, ladino, yiddish, kitxua eta euskara hizkuntzak hartuko dira mintzagai. Bertan ere Cordobako Unibertsitateko (UNC) Hizkuntza Fakultateko ikasleek euren agiriak jasoko dituzte. Gainera Txistu tailerreko ikasleek joko dute eta Txotx! taldeak dantza saio bat eskainiko du. Hitzordua Unibertsitateko B Auditorioan, izango da, Velez Sarsfield kaleko 187. zenbakian, iluntzeko 6:30etan. Biharamunean, hau da, ABENDUAREN 4AN, OSTEGUNEAN, Liburu Askatzea egingo da herriko plazetan eta ‘Euskara jalgi hadi plazara’ lelopean. Zirt Zart! Euskal musika eta dantzak ere entzun eta ikusi ahal izango dira San Martin Plazan.
Corpus Christiko Eusko Etxea
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: topaketa bat egingo dute euskal etxeko lagunek Atahualpa Yupanqui Liburutegian. Horretaz aparte, ENEri buruz idatziko dute hileroko euren buletinean.
Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea
-ABENDUAREN 4AN, OSTEGUNEAN: 2014ko Euskararen Eguneko ospakizunean euskal etxeko "Euskaldunen Hitza" Euskara Taldearen 15. urteurrena ere ospatuko dute Eusko Aterpea-ko lagunek. Euskara ikasle eta irakasleek zeremonia eta erromeria egingo dute iluntzeko 7:30etatik aurrera. Gonbidatuen artean, Pilar herriko euskal etxeko lagunak ere egongo dira.
Jose C. Paz-eko Toki Eder
-ABENDUAREN 6AN, LARUNBATA: jolasak, asmakizunak eta askaria ikasturtearen bukaera ospatzeko. Hitzordua arratsaldeko 4:30etan da, euskal etxean.
La Platako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletza
-ABENDUAREN 8AN, ASTELEHENA: Kurtso amaierarekin bat eginez, bazkaria egingo dute irakurletzako lagunek, La Platako Modelo izeneko jatetxean. Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan, euskararen unibertsaltasuna aldarrikatuko da.
Los Toldoseko Oroimenez
-ABENDUAREN 14AN, IGANDEA (data baieztatzear): Euskararen Nazioarteko Eguna eta herriko kolektibitateen eguna batera ospatuko dira Los Toldosen. Txosna muntatuko dute euskal gizataldeko ordezkariek eta bertan txistorra salduko dute. Koroak euskal abesti bat kantatuko du eta aurtengo kantinera izendatuko dute.
Mar del Platako Denak Bat
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: arratsaldeko 6:30etan omenaldia eta lore eskaintza Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, San Martin Plazan. Segida, 8:00etan, Euskararen Nazioarteko Eguneko Pilota Txapelketa Denak Bat Euskal Etxeko “Teyu Cuaré” Pilotalekuan. ABENDUAREN 5EAN, OSTIRALA: 7etan Zortzi euskal abizen pelikularen proiekzioa eta ‘Euskara Denontzat’ aldizkariaren aurkezpena euskal etxeko liburutegian. Ondoren, afaria. ABENDUAREN 13AN, LARUNBATA: gaueko 9:30etatik aurrera Euskararen Nazioarteko Eguneko Festa Nagusia. Pintxo dastaketa. ‘Euskara Denontzat’ aldizkariaren banaketa. Olentzeroren bisita. Denak Bat euskal etxearen areto nagusian.
Mendozako Denak Bat
ABENDUAREN 13AN, LARUNBATA: euskal etxeak gonbidaturik, ‘Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute " hitzaldia eskainiko du Laura Nobile adituak komunitate osoari begirako aktibitate batean. Hitzordua arratsaldeko 7etan da, eta sarrera doan. Ondoren, ikasleek prestatutako aktibitateak aurkeztuko dira eta jaiari amaiera emateko, afaria partekatuko dute lagunek. Txartelak aldez aurretik erreserbatu behar dira eta $150 balio dituzte.
Paranako Urrundik
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: etxeko kide eta lagunen topaketa, gaueko 9etatik aurrea, Urrundik-eko egoitzan.
Pergaminoko Lagun Onak
-ABENDUAREN 5EAN, OSTIRALA: ENE eta San Frantzisko Xabierren eguna ospatuko dute pergaminotarrek euskal etxean antolatuko duten topaketa batekin.
Rosarioko Zazpirak Bat
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: euskal etxean bilduko dira euskara ikasleak ENE eta ikasturte amaiera ospatzeko eta datorren urteari begirako proiektuak komentatzeko. Horretaz gain, ‘Hitz haritza’ delako eskultura moduko arbolaren hostoetan euskarazko hitzak idatziko dituzte partaideek. Hitzordua arratsaldeko 7:30etan da.
Saladilloko Itxaropen
-ABENDUAREN 5EAN, OSTIRALA: euskal etxeko liburutegia inauguratuko dute Itxaropen-eko kideek. Inaugurazioarekin batera "Ángela Catalina Azcona Carrano" izena jarriko diote, bera izan baitzen, euskal etxeak egoitza propioa izan aurretik, erakundeko liburuak zaintzeko arduraduna.
San Juango Eusko Etxea
-ABENDUAREN 3AN, ASTEAZKENA: euskal etxeak antolaturik “Euskadi eta bere hizkuntza: Euskera” delako hitzaldia eskainiko du historia irakasle den Ernesto Segoviak hiriko Legebiltzarreko Liburutegian. Hitzaldia 7etan hasiko da.
San Nicolaseko Euskal Etxea
ABENDUAREN 7AN IGANDEA: topaketa eta abesbatzaren emanaldia euskal etxean.
Tandilgo Gure Etxea
-ABENDUAREN 10EAN, ASTEAZKENA: afaria eta ikasturte amaierako ziurtagirien banaketa egingo dute tandildarrek 2014. urteari amaiera emateko
Viedma-Carmen de Patagones-eko Beti Aurrera Aberri Etxea
-ABENDUAREN 2AN ASTEARTEA: Gaueko 9:30etan, afaria Viedmako Casinos del Río jatetxean. Euskararekin lotura duten ekintzak ez ezik, ‘Abesti Beti’ abesbatzaren eta dantza taldearen emanaldiak ere egingo dira jaian. Txartelak $200 balio ditu.