euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Goierriko 'Nazioen Mundua' herri ekimenak Eskoziako Highlands-etara darama autodeterminazio aldarria

2008/03/19

Idiazabal Herri Kirolak taldea partaideetako bat da
Idiazabal Herri Kirolak taldea partaideetako bat da

PUBLIZITATEA

Gipuzkoako Goierritik Eskoziako Highlands-etara (Lurralde Garaiak): ehun bat lagunek osaturiko talde bat Edinburgora bidean da gaur, Eskozian autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena egiteko. Goierriko talde desberdinak batu dituen herri ekimena da eta besteak beste Idiazabalgo Herri Kirol Taldeak, Beasaingo Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeak, trikitilariak, bertsolariak eta Miren Urkiola harrijasotzaileak parte hartzen dute. Hiru euskal festa eta erakustaldi egingo dituzte ostiraletik igandera Edingurgh-en eta Inverness-en. Azken honetan Aberri Eguna ospatuko dute eta interesa duen oro jaian parte hartzera gonbidatzen dute.
Ekimenak 'Nazioen Mundua' izena du eta bere helburua euskal kultura atzerrian erakustea da, baina folklore hutsaz haratago, euskal gizartearen mezu bat ere zabalduz. 'Nazkatuta gaude politikarien alderdikeria eta bide antzuez. Ez dugu ulertzen politikariak nola ez diren gauza elkarrekin bidearen zati bat bederen egiteko. Gu ez gara politikariak eta ez dugu inongo alderdirik atzean. Herritar soilak gara, eta bakoitzak egiten dakienetik, batzea posible dela erakutsi nahi dugu' azaldu dio EuskalKultura.com-i Jon Muñoak, bidaiaren antolatzaileetako batek. 'Ideologia desberdinetakoak gara baina geure buruari galdetu genion noraino gaude ados?, Autodeterminazio eskubideraino gaude ados? Ba horixe izango da eramango dugun mezua'.

Mezu hau zabaltzeko lekurik aproposena Eskozia dela argi izan dute bidaiaren antolatzaileek. 'Eskozia autodeterminazio gaian Europan erreferente da. Han gizartearen gehiengoak onartzen du eskubide hori eta erreferendum bat egiteko asmoa agertu dute [Alex Slamond lehen ministro eskoziarrak 2010 inguruan izan daitekeela esan du]', azaltzen du Muñoak. Hori dela eta bidaiariak eskoziar parlamentari nazionalista zein unionistekin bilduko dira Edinburgh-en euren mezua zabaltzeko.

[Bidaiaren aurkezpeneko argazki honetara, ekimenean parte hartuko duten kide gehienak bildu ziren aldarriaren pankartaren atzean]

[Espedizioan parte hartzen duten taldeetako baten emanaldia]

Aberri Eguna Inverness-en

Ekimenean parte hartzen duten taldeak Idiazabalgo Herri Kirol Taldea, Beasaingo Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeak, Beasaingo txalapartariak, Iruñeko San Fermin peñako joaldunak, Iker Zubeldia bertsolaria eta Miren Urkiola harrijasotzailea dira, besteak beste. Taldeak hiru euskal festa eta erakustaldi egingo ditu: lehena ostiral honetan Edinburgh-eko Carlton Hill parkean eta beste biak Inverness-en, Highlands-etan, larunbat eta igandean. Igandean gainera, Aberri Eguna ospatuko dute eta bertara bildu nahi duen orori jaian parte hartzeko gonbitea luzatzen diote. Ekitaldien lekua eta ordu xehetasunak jakiteko eta bidaiaren gorabeherak jarraitzeko, 'Nazioen Mundua' ekimenaren blogera jo dezakezu.


Lotura interesgarriak

''Nazioen Mundua' bloga
www.eskoizal.wordpress.com

Aurtzaka dantza taldea Kolonbian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 25ean

Aurtzaka: 'Argentinako esperientzia ahaztezina izan da'
2006ko irailaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

'Aurtzaka arranza en Chivilcoy su gira por Argentina' (erd)
2006ko abuztuaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia