euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gogotsu doaz aurreratzen La Platan “Eguzkipean” Kanpamentuaren hirugarren ediziorako prestaketak

2024/02/16

Iazko “Eguzkipean” kanpamenduaren bigarren edizioko postalak: dantzak, sukaldaritza, sagardoa eta lagunartea
Iazko “Eguzkipean” kanpamenduaren bigarren edizioko postalak: dantzak, sukaldaritza, sagardoa eta lagunartea

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Hiru aste falta dira La Platako Euzko Etxeak antolaturiko “Eguzkipean” kanpamendua berriz ere euskal etxe askotako eta adin guztietako lagunen topagune izateko. Martxoaren 9an, larunbata, eta 10ean, igandea, Euzko Etxeak City Bell-en duen aisialdirako gunean (154 kalea z/g, 446 kalearen eta Arroyo Carnavalen artean) ekitaldiaren hirugarren edizioa ospatuko dute eta aurrekoak bezain arrakastatsua izatea aurreikusten da.

Kanpamentua larunbat arratsaldeko hiruretan hasiko da eta bere programak kirolak, kultura, musa, ibilaldiak eta jolasak eskainiko ditu, besteak beste. Dagoeneko, hainbat euskal etxetako dantzariek baieztatu dute euren partaidetza eta beraz, dantza ziurtatuta dago. Aurten, gainera, Euzko Etxearekin elkarlanean aritzen diren beste gizataldeetako lagun talde batzuek ere parte hartuko dutela baieztatu dute.

Eskaintza gastronomiko eta kulturala

Asteburu osoa pasatzea erabakitzen duten partaideei, $7.000ko kupoi bat eskainiko zaie, larunbateko askaria eta gauean pintxo bat eta edari bat barne, eta baita igandeko gosaria eta bazkaria ere. Gainera, larunbatean, gastronomia eta kultura korridore bat inauguratuko da, publiko guztiari irekia. Gauerdira arte, elikagaiak eta edariak erosi ahal izango dira bertan. Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko “Amalur” sukaldaritza taldekoek, Lomas de Zamorako Denak Batekoek eta Magdalenako Ongi Etorri-ko sukaldariek euren gutiziak prestatutako dituzte eta Txapela sagardoak ere bere kupelak eramango ditu. Euzko Etxeko lan talde ezberdinek ere izango dituzte euren postuak, konparazio Matxin Burdin Liburutegiak euskal artikuluak eskainiko ditu eta musean eta boleibolean aritzen direnek, postreak eta gozokiak.

“Indar berrituta, urtero aurreko urtekoa hobetzen eta gainditzen saiatuz, gogo handiz gonbidatzen ditugu den-denak gure “Eguzkipean” kuttunera, aire zabaleko ekitaldi eder hau partekatu eta elkarrekin disfrutatzera” adierazi dio gosotsu EuskalKultura.eus-i “Eguzkipean” kanpamenduko koordinatzaile Andoni Azcaratek.

Topaketara etortzea erabakitzen dutenek posta elektronikoz jakinarazi beharko dute, campamentoeguzkipean@gmail.com helbidera, pertsona kopurua baieztatuz eta kanpatuko duten adieraziz, baita dieta bereziko edozein eskakizun badaukate ere (begetarianoa, zeliakoa).

Euskal etxeak oraindik garaiz dabiltza txosna batean euren produktuak eskaintzeko asmoa badute. Baita euren dantzak aurkezteko ere. Horretarako, e-mail bat bidali beharko dute, zein dantza, musika eta elementu berezirik beharko duten adieraziz. WhatsAppzn ere jasoko dira mezuak 221-6152824 zenbakian.



Komentarioak

  • La Platan Eguzkipean

    Zorionak horrelako ekintzak antolatzen dituzunoi. Gozatu!!!

    Sonia Oceja (Durango), 2024/02/16 16:15

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia