euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gogoan hartu: Aurreratu egin da Cañuelasko Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa: data berria, martxoaren 24 eta 25a

2018/02/12

2018ko Dantzarien Topaketaren iragarpena
2018ko Dantzarien Topaketaren iragarpena

PUBLIZITATEA

Antolatzaileen eskuetatik kanpoko gaiak tarteko, Dantzarien Topaketaren data aldatu behar izan du Denak Bat Euskal Etxe antolatzaileak. Aberri Eguna ospatzeko elkarteak egin ohi duen dantzari-elkarretaratzea martxoaren 24an eta 25ean izango da aurten, eta ohi bezala, Argentina osoko euskal etxeei luzatzen zaie partaide izateko deia. Dantzari eta laguntzaileentzako voucherra 780 peso dira eta familien etxeetan geratzeko aukera ere --merkexeagoa-- eskainiko da. Erreserbak egiteko jo mesedez euskal etxearengana.

Cañuelas, Argentina. 12. ediziora iritsiko da aurten Denak Bat Euskal Etxearen Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa. Orain arte iragarritako data apirilaren 7 eta 8a izan bada ere, antolamenduarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik antolatzaileek aldatu behar izan dute eta bi aste aurreratu. Veronica Zulaica lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, Buenos Aires probintziak antolatutako ‘Acercarte’ jaialdia izango da apirileko hasierako asteburuan hirian eta onena, beraz, euskal deialdia beste data berri honetara ekartzea dela pentsatu eta erabaki du euskal elkarte antolatzaileak.

Data aldatu arren, programak iragarritakoa izaten segituko du: larunbat arratsaldeko 6etan dantzaldia egingo da San Martin Plazan. Erromeria 9etatik aurrera Nekazaritza Elkartean, Daniel ‘el Jopo’ Galfredo abeslaria lagun. Igandeko bazkaria ere, Nekazaritza Elkartean izango da eta taldeen partaidetza eskertzeko eta agur esateko oroigarri bana eskuratuko die Euskal Etxe anfitrioiak gonbidatu etorritako lagunei.

Voucherren prezioa

Voucherren prezioari dagokionez, bakarra izango da dantzari, zuzendari eta laguntzaileenzat eta $780 balioko ditu erromeria, ostatua (Smatan), eta igandeko gosari eta bazkaria barne. Larunbateko bazkaria hartu nahi izanez gero, $100 emendatuko zaie. Kostuak merketzeko, dantzarien %20ak familien etxeetan hartu ahal izango dute ostatua, eta $360 (bana) aurreztu.

Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak gogorarazten du Topaketan parte hartzeko dantza bat aurkeztu behar duela oholtza gainean taldeak eta Euskal Etxeko erreferente baten ardurapean egon. Informazio gehiago jasotzeko edota erreserbak egiteko, harremanetan jarri margaita18@yahoo.com.ar emailaren edo 02226 515135 telefonoaren bidez. Dantzarekin edota musikarekin lotuta dauden gaiak adosteko, berriz, vetcanuelas@yahoo.com.ar helbidera idatzi edo 02226 15606028 zenbakira deitu..



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia