euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gogo biziz igurikatzen dute Bakersfielden Euskal Besta 2022, Euskal Sinposio bat eta Mikel Urdangarinen kontzertua

2022/05/27

Euskal Besta asteburu luze honetan Bakersfield-en, bertako Kern County Basque Club antolatzaile
Euskal Besta asteburu luze honetan Bakersfield-en, bertako Kern County Basque Club antolatzaile

PUBLIZITATEA

Bakersfield, AEB. Gogo biziz igurikatzen dute Bakersfielden asteburu honetan gauzatuko den hiriko 48. Euskal Besta, berez Euskal Etxean larunbat eta igandez izango dena, baina gaur bertan ostirala sarrera gisa Euskal Sinposio bat Unibertsitatean eta Mikel Urdangarinen bisita eta kontzertua ere lagun izango dituena; hori, ahaztu gabe asteburu osoan euskal besta-giroan ibiliko direla Bakersfield-eko Wool Growers eta bertako gainerako euskal jatetxeak oro, hala nola Benji's, Noriega’s, Pyrenees Cafe, eta Chalet Basque. Euskal Herritik, honako pilotariak arituko dira Euskal Etxeko kantxan: Andoni Gaskue, Ander Ruiz de Larramendi, Beñat Senar eta Aaron Arbizu.

Gaur Euskal Sinposioa CSUBen

Gaur ostirala, maiatzaren 27an, CSUB (California State University in Bakersfield) unibertsitateko 'Institute for Basque Studies'-ek Euskal Sinposio baterako gonbitea luzatu du. Unibertsitateko 'Humanities Complex 1108' helbidean izango da eta arratsaldeko hiruretan CSUBko Mustafah Dhada bilduko du hizlari, honako izenburua duen hitzaldiarekin: "Padre Sangalo's Last Motorcycle Ride: How a Bullfighter's Son from the Basque Country Fought to Protect Human Rights in Mozambique".

Lauretan, berriz,  University of California Riverside-ko Begoña Echeverria eta Annika Speer-ek pantailatik aurkeztuko dute euren "Picasso presents Gernika" dokudrama historikoa, Euskal Ikasketa Institutuko koordinatzaile Steven Gamboak azaldu duenez.

Eta zazpietan, Mikel Urdangarinen kontzertua Unibertsitatean bertan, bertako Dore Antzokian.

Programa 28 eta 29an Euskal Etxean

Hona berriz, Bakersfieldeko 'Kern County Basque Club' Euskal Etxean garatu den programa: Larunbatean, goizeko 8:'00etatik hasita Mus Txapelketa; 12:00etatik aurrera bazkaria; 14:30etan Mikel Urdangarinen kontzertua; 16:00etan bertako pilotarien pilota partidak; 16:30etan Euskal Herriko piltarien pilota partidak.

Igandean, goizeko 10:00etan meza aita Antton Egiguren euskal omoniera emaile eta bertako dantzariek, koralak eta klikak edertua; 11:30etan Iñaki Reta akordeoi-jotzaile eta joteroaren emanaldia; 12:00etatik aurrera bildoski erre bazkaria; 16:30etan  bertako klika eta dantzarien emanaldia; 17:00etatik aurrera lukainka eta sandwitxak eta EHko pilotarien partidak; 19:30etan dantzaldu edo erromeria, Jean Flesher-en Amerikanuak bandarekin; dantzaldiaren atseden batean zozketak egingo dira.

Astelehenean, berriz, maiatzaren 30ean euskaldunen biltokia hiriko Wool Growers euskal jatetxea izango da, besta ondoko ohiko euskal gosari edo brunch-arekin, ez baita ahaztu behar asteburu luzea dela honakoa, astelehena jai eguna baita Estatu Batuetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia