Ayacucho, Argentina. Egun bestelakoa oso izan zuten pasa den urriaren 20an Ayacuchoko “Elvira del Lujan Grange” Bigarren Hezkuntzako Eskolako ikasleek. Kultur Aniztasunarekiko Errespetuaren Egunaren ospakizunaren baitan, Euskal Odolako dantza taldeak euren abilezia eta gogo biziaren lagin ederra eskaini zien arte-eskolako nerabeei, eta hauek bozkarioz amaierako dantzarekin bat egin zuten
Duela bost bat hilabete Euskal Etxeak dantzari talde berri bat sortzeko erabakia hartu zuen. Hamar bat neska-mutil ziren, 6 eta 14 urte bitartekoak, eta bi guraso ere batu zitzaizkien. Dantzarako, beste edozein gauzarekin aurrera egiteko bezala, gogoa eta borondatea lagun hasi ziren. Lehenengo aurkezpena San Fermin jaien afarian izan zen, euskal elkarteko bazkideen aurrean, egoitzan egindako festan, eta txalo zaparrada jaso zuten, Euskal Odola-ko lagunak ezin kontentuago.
Dantzariak duela gutxi hasi diren arren, oso gogotsu daudela, eta, batez ere, asko gustatzen zaiela beste leku batzuetara joatea dantza erakustera, diosku taldeko zuzendari Belen Zabaletak
Arte-eskolako ekitaldian, beste dantza talde folkloriko eta artistiko batzuekin batera hartu zuten parte. Dantzariek agurra eta makil dantza eskaini ondoren, euskal dantzan aritzeko zenbait oinarrizko pauso irakatsi zituzten eta guztiek, ikastetxeko ikasleek, irakasleek eta dantzariek, elkarrekin Polka pik bat dantzatzen bukatu zuten. “Duela gutxi hasi diren arren, oso gogotsu daude, eta, batez ere, asko gustatzen zaie beste leku batzuetara joatea dantza erakustera”, diosku taldeko zuzendari Belen Zabaletak, Clara Esteberena laguntzaile duenak.
Baina dantzaren pozak etxeko zaharragoak ere kutsatu ditu, eta hauek ere pausoak ikasten hasi eta bigarren talde bat osatu dute. Euskal Odola-ko Zuzendaritza Batzordeko kide den Facundo Ibarra orain arte beti aritu da musaren inguruko jarduerak antolatzen. “Berrogeita bost urte ditut, euskaldunen birbiloba naiz eta orain euskal dantzak dantzatzen hasi naiz. Aurten bidelagun izango gara, baina datorren urtean Euskal Aste Nazionaleko oholtza gainean aritzea espero dugu», azaldu dio irria ezpainetan EuskalKultura.eus -i.