euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Goazen Txinara 2011!: Beijing-en arte proiektua egiteko bi beka eskaintzen ditu Manga Art Studiok

2011/02/18

Goazen Txinara 2011! programaren afitxa
Goazen Txinara 2011! programaren afitxa

PUBLIZITATEA

Judas Arrieta artista hondarribiarrak zuzentzen duen Manga Art Studio-k 'Goazen Txinara!' arte-beken hirugarren edizioa deitu du. Beka hauen bitartez bi euskal sortzailek Beijing-en bi hilabeteko egonaldia egingo dute, euren proiektua gauzatzeko. MA Studiok bidaia eta lan egiteko lokalaren alokairua ordainduko du. Proposamenak bidaltzeko epea martxoaren 20ean itxiko da. Egonaldia abuztuaren 1etik irailaren 30era izango da. Eusko Jaurlaritzaren laguntza du programa honek.

Beijing, Txina. Manga Art Studiok euskal sortzaileen lana sustatu nahi du Txina aldean eta horretarako Euskal Herrian bizi diren artistei Beijing hirian bi hilabeteko egonaldia burutzeko aukera eskaintzen die.  Judas Arrieta artista hondarribiarra dago ideiaren atzean. Bera orain dela urte batzuk joan zen Txinara, eta bertan dihardu bere sormen lana burutzen. Inspiraziorik ez zaio faltako, milaka urteko kultura eta modernizazio bizkor bizkorra batzen dituen gizarte txinatarrean.

Deialdiak sustatuko dituen proiektuak arte garaikidearen edozein arlorekin edo diziplinarekin lotura izango dute eta aurten beteko dira Beijing-go MA Studioan. Aukeratutako artistek bi hilabete emango dituzte Beijingeko MA Studioan, proiektua burutzen, abuztuaren 1etik irailaren 30era arte.  MA Studioak lanlekuaren gastuak eta artista bekadun bakoitzaren bidaia ordainduko ditu. 

Erakusketa 2012an Beijing-en

Egonaldiaren azken egunetan erakusketa bat antolatuko da eginiko lanekin. Bertako eta nazioarteko egileekin, galeriekin, erakundeekin eta artearekin lotura duten hainbat pertsonarekin hartu-emanak gauzatzeko aukerak moldatuko dira. 2012. urte hasieran MA Studioko egonaldira etorritako bi artisten artelanekin talde erakusketa bat egingo da Beijingeko erakusketa areto ezagun batean. Erakusketarako katalogo bat argitaratuko da.

Artista bekadunek hitzarmen bat sinatu beharko dute. Txinara etortzeko aurkeztutako proiektua bi hilabeteko epean amaitu beharko dute eta epe horretan eginiko arte lan bat lagako dute. Artista bekadunek beren proiektuak garatzeko behar dituzten materialak ordaindu beharko dituzte. Eguneroko jakiak, hirian zehar ibiltzeko garraioen kostuak, etab… bekadunak ordaindu beharko dituzte.

Epea eta dokumentazioa

Dokumentazioa aurkezteko epea 2011ko martxoaren 20a arte luzatuko da. Arte munduko Euskal Herriko eta Txinako pertsonek osatutako epaimahai batek erabakiko ditu bi proiektu irabazleak eta beste bi proiektu ordezko bezala. Epaimahiaren erabakia 2011ko apirilaren bukaeran jakinaraziko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

-Txinan garatu nahi den lanaren aurreproiektua pdf formatuan aurkeztea. (Proiektua garatzeko erabili behar diren materiala eta tresneria aipatu beharrekoak dira)
-Hautagaiaren curriculum laburra
-Lan pertsonalari buruzko dokumentazio grafikoa/portfolioa
-Datu pertsonalak eta errolda agiria
(Dokumentazio guztia PDFan aurkeztu behar da, DIN-A4 formatuan)

Proiektuak ondoko posta helbidera bidali behar dira: mangaartstudio@gmail.com

-Manga Art Studio: www.mastudiobj.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia