euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gloria Totoricaguena eta Ibarretxeren hitzaldiek eman zioten atzo hasiera Bilbon Euskal Etxeen Mundu Biltzarrari

2007/07/10

Gloria Totoricagüenak, Renoko CBSko zuzendariak, mintzaldia eman zuen (argazkia BasqueHeritage.com)
Gloria Totoricagüenak, Renoko CBSko zuzendariak, mintzaldia eman zuen (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Guggenheim Museoan eginiko ekitaldi batek abiarazi zuen atzo Bilbon Europa, Amerika eta Australiako 18 estatutako euskal etxeetako ordezkariek datorren ostiralera arte garatuko duten IV Mundu Biltzarra. Ibarretxe buru zela eginiko irekiera saioak urteurrena ospatzen zuten munduko bost euskal etxe omendu zituen lehenik: AEBetako Gooding (25 urte) eta San Frantzisko (25), Madril (25), Paris (50) eta Mexiko (100 urte). Hitzaren aldetik, Iñaki Agirreren aurkezpen hitzek Ibarretxe lehendariaren ongi-etorri hitzaldiari eta Gloria Totoricaguenaren hitzaldi gogoetatsu eta aholkuz beterikoari eman zioten tokia. Amaia Zubiria kantariaren saio txiki batekin amaitu zen Euskal Gizataldeen IV. Munduko Bitzarraren inaugurazioa markatu zuen atzoko ekitaldia.
Joxe Felipe Auzmendi aurkezleak gidatu zuen ekitaldian omenalditxo bat eskaini zitzaien aurten urteurrena bete duten munduko bost euskal etxeri, hala nola Estatu Batuetako Gooding (25 urte) eta San Frantziskokoari (25) eta Madril (25), Paris (50) eta Mexikokoari (mendeurrena). Estatuatxo bana eman zitzaien euskal etxe bakoitzaren irudiak eskaintzen ziren bitartean. Igo ziren euskal etxeen izenean Maria Luisa Arostegui (Gooding), Jon Zaballa (Madril), Pierro Etcharren (San Frantzisko), Robert Estagnan (Paris) eta Eduardo Ormaechea (Mexiko). Lehenago, Guggenheim kanpo aldean, Lehendakariak banan-bana agurtu eta eskua emana zien Kongresuan parte hartuko duten herrialdeetako ordezkariei eta Gaztemundu programako gazteei.

[Urtebetetze omenaldien momentua: Gooding, Madril, San Francisco eta Pariseko euskal etxeei, hiru lehenei 25 urte egiteagatik eta Parisekoari 50 urteengatik estatuatxo oroigarria eskaini zitzaizkien uneak (argazkia BasqueHeritage.com)]

Iñaki Agirre Jaurlaritzako Kanpo Ekintzarako idazkari nagusiak egin zituen aurkezpen hitz orokorrak, egin ere euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, lehenengo ongi etorri hitzak eskainiz bildutakoei. Bere aldetik, Ibarretxe lehendakaria nazioarteko hemezortzi lurraldeotatik etorritako ordezkariei, eta beste batzuetan propio Gaztemundukoei zuzenduz, euskaldunek gainerako herrien artean dauzkaten ezaugarriei buruz eta transmititzen duten irudiari buruz aritu zen, trebakuntzak daukan garrantzia azpimarratuz.

Euskal Etxeak eraginkortasunetik aldatu

Gloria Totoricagüenaren hitzaldiak, berriz, bete-betean kokatu zuen Biltzarra datozen lau egunotan eztabaidagai hartuko diren gaietan, eta gogoeta egitearekin batera, aholku edo iradokizun batzuk egin zituen diaspora gaietan aditua eta eskarmentuduna denez geroz, azkeneko kongresuetatik urrats berria ematekotan, proposamenak eginez ikerketaren eragile eta fondo-biltzaile-biziberritzaile izatera deitua egon daitekeen Diasporako Museotik hasi eta nazioarteko Euskaldunen Lagunen Liga berrantolatzeko aholkuraino, Euskal Etxeetako hauts zaharkituak kendu eta efikazia eta eraginkortasun testuingurura ekartzeko aldarria eginez.

Amaia Zubiria kantariaren emanaldiak ipini zion amaiera lan saioei dagokienez gaurkoan hasiko den Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarraren inaugurazio ekitaldiari.


Lotura interesgarriak

IV. Mundu Biltzarra: Zubigintzan
Biltzarrari buruzko informazio Jaurlaritzaren webgunean

Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarreko programa
BasqueHeritage.com-en 2007ko uztailaren 7an argitara emana

Mundu Biltzarrak 18 herrialdeetako ordezkariak bilduko ditu
BasqueHeritage.com-en uztailaren 7an argitara emana

Gaztemundu hasi da Bilbon
BasqueHeritage.com-en 2007ko ekainaren 30ean argitara emana

Jaurlaritzak ofizialdutako munduko Euskal Etxeen zerrenda
160 mundu osoan

Biltzarrean parte hartzeko agiridun bihurtzeko epea, akituta
BasqueHeritage.com-en 2007ko maiatzaren 8an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia