euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Globalkulturak "Memoriaren Sareak 08" lehiaketan parte hartzeko gonbitea egiten dio Diasporari

2008/09/24

"II. Memoriaren sareak 08" kartela
"II. Memoriaren sareak 08" kartela

PUBLIZITATEA

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak lagunduta, Globalkultura Elkarteak "II. Memoriaren sareak 08" literatur lehiaketa antolatu du. Gizartea sentiberatzeko asmoarekin antolatzen den lehiaketa honek historia ezagutzea eta babestearen garrantzia nahi du zabaldu. Horretarako, 1901-2000. urteen arteko 160 bat argazki jarri ditu bere webgunean eta lehiakideek kontakizun labur bat osatu beharko dute horietan oinarriturik. Argazkiek Bizkaiko irudi, pertsonaia, pasarte, ofizio, ikuspegi edo lekuak erakusten dituzte. Iaz ere jaso ziren lanak Diasporako euskaldunek idatziak, Kolonbia, Peru, Txile, Mexiko, Argentina, Kuba eta Uruguaitik, hain zuzen, eta sarituetakoen artean Peruko lan bat sartu zen.

Bilbao, Bizkaia. "II. Memoriaren sareak 08" literatur lehiaketa antolatu du Globalkultura Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila lankide, historia ezagutzeko eta babesteko garrantzia azpimarratzeko helburuz. Iaz 58 lehiakidek hartu zuten parte, 70 bat lan aurkeztuz, "oso maila oneko lanak", Globalkultura Elkarteak EuskalKultura.com-i aitortu dionez. Aurten, Elkartearen webgunean ikusgai daude honez gero XX. mendeko Bizkaiko errealitatea erakusten duten argazkiak. Horiek abiapuntu, orduko pasarte, historia, pertsonaia, leku, ofizio, anekdota edo horrelakoren bati buruzko kontakizun laburra idatzi beharko dute lehiakideek.

Bide honetan, XX. mendeko Bizkaiko historia garai hura bizi izan zutenen begiradaz gogorarazi eta zabaldu nahi dute. Siderurgia industria, meagintza, untzigintza, ehungintza... Garai horretako paisaiari buruzko kontakizunak memoria ez galtzeko xedean laguntzen du eta hori da hain zuzen ere Globalkultura Elkartearen asmoa.

Lehenengo saria, 1.250 euro eta testua argitaratzea

Lehiaketan parte hartzeko arauak sinpleak dira, 18 urtetik gorakoek parte har dezakete. Bi modalitate egongo dira: euskarazkoa eta gaztelerazkoa, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru lan aurkez ditzake. Lanak aurkezteko epea 2008ko azaroaren 30ean amaituko da eta sariak, euskarazko zein  gaztelaniazko alorretan, 1.250 eurokoak izango dira lehenengo sariari dagokionez, eta beste bederatzi lan finalista aukeratuko dira. Saritu guztien lanak liburu batean emango dira argitara. Testuek 1.000 hitz gutxienez eta 2.500 gehienez izango dituzte. Oinarriak (pdf), hemen.

Iaz Diasporako euskaldunen parte hartzea nabarmendu dute Globakulturakoek, izan ere, Kolonbia, Peru, Txile, Mexiko, Argentina, Kuba eta Uruguaitik eta estatu espainiarreko Katalunia, Galizia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Asturiastik jaso baitzituzten lanak. Gainera, sarietako bat Peruko euskaldun batek irabazi zuen. Informazio gehiago elkartearen webgunean:  Globalkultura Elkartea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia