euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gizataldeen Jaia eta argazki erakusketa Euskararen Eguna ospatzeko Azulgo Gure Txokoa EEan

2012/12/12

Azul hirian Euskararen Eguna ospatzeko egin zen erakusketaren argazki batzuk, euskarak duen presentzia bilduz (argazkiak EE)
Azul hirian Euskararen Eguna ospatzeko egin zen erakusketaren argazki batzuk, euskarak duen presentzia bilduz (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Ikurrina eskuan eta herritar andana baten aurrean, Gure Txokoa-ko lagunek kolektibitateen kabalkadan hartu zuten parte azaroaren amaieran burututako festan. Gizataldeen jaiaren baitan eta euskal etxe anfitrioiak gonbidaturik, ‘Fandango’ eta ‘Arkudantza’ dantzatu zituzten Rauch herriko euskal elkarteko dantzariek. Euskararen Egunari dagokionez, argazki erakusketa antolatu zuten Gure Txokoa-ko ikasle eta irakasleek, herrian euskarak daukan presentzia islatzeko. Urtea bukatu aurretik, abenduaren 28an eta instituzioaren urtemuga dela eta, euskal etxeko abesbatzak euskarazko zein gaztelaniazko gabon kantak kantatuko ditu Lourdes Parrokian egingo den mezan.

Azul, Argentina. Beste hamar bat kolektibitaterekin batera, Buenos Aires probintziako Azulgo euskal etxeak herriko Gizataldeen Jaian hartu zuen parte joan den azaroaren 25ean. Jaialdia Udaleko espaloi handian izan zen eta bertan aurkeztu ziren dantza ikuskizunak eta standak.

Azulgo Gizataldeen Jaia 2012 01
[Azaroaren 25ean Azulgo Gizataldeen Kabalkadan hartu zuten parte Azul eta Rauch herrietako euskaldunek (argazkiaEE)]
 

Euskaldunen kasuan, Gure Txokoa erakundeak izan zuen Euskal Herria ordezkatzeko ardura eta ondo baino hobeto egin zuen bere lana. Baina ez ziren bakarrik egon. Izan ere Rauch-eko euskal etxeko kideak bertaratu ziren jaira eta dantzari txikiek ‘Fandango’ eta ‘Arkudantza’ eskaini zizkioten bildutako jendeari. Beste proposamen batzuen artean, euskal standean Euskal Herriari buruzko eta euskal abizen eta armarriei buruzko informazioa eskuratu zitzaien interesatuei.

Euskararen argazkiak

Euskararen Nazioarteko Eguna ere izan zuten gogoan Azul hiriko euskaldunek argazki erakusketa bat antolatuz. “Guretzat arrotzak ez diren euskarazko hitzak agertzen dira Azulgo bazter guztietan, hala nola landetan, dendetan, lanbideak eskaintzeko iragarkietan, besteak beste. Eta Azulgo argazkizale batzuek lan ona egin dute horiek biltzen”, azaldu digute, euskaraz, euskal etxetik.

euskara klasea 2012 02
[Azulgo euskal etxeko 2012ko azken euskara klasea (argazkiaEE)]
 

“Behin erakusketa aurkeztuta, pintxo goxoak dastatu genituen. Erakusketa abenduaren 8ra arte egongo zen ikusgai. Arratsaldeko 7etatik 9etara irekita publikoari. Hala ere, egun hauetan ere disfrutatu ahal da proposamena euskal etxeko egoitzan”, jakinarazten digute Azulgo irakasleek.

Azkenik, eta euskal etxearen urtemuga ospatzeko, meza berezi bat eskainiko dute Gure Txokoa-ko lagunek abenduaren 28an herriko Lourdes Parrokian. Aipatzekoa da Eliza honetan Jose Pio Gurruchaga apaiz tolosarrak sortutako Cristo Sacerdote delako Ordeneko mojak daudela. Elizkizuna bukatzean, euskaraz zein gaztelaniazko gabon kantak interpretatuko ditu euskal etxeko abesbatzak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia