Rosario, Argentina. Gogoangarria iragarri duten Azaroko Gizataldeen Jaiaren 40. edizioaren atarian, Rosarion bizi eta diharduten gizataldeek aniztasun kulturalaren erakusleiho bihurtuko dute datorren asteburuan hiri santafetarra. Partaide izango diren gainerako 35 kolektibitateek bezala, Rosarioko Nafar Etxeak eta Zazpirak Batek euren egoitzetako ateak zabalduko dituzte Gizataldeen Gaua ekitaldiarekin bat eginez, larunbat-igandez, irailaren 6 eta 7an, ilunabarrean. Bi gau izango dira zapore, musika, dantza eta kultur adierazpenen bidez jai giro bikainean, bisitariek Euskal Herrian garraiatuak sentitzeko.
Bisita itzazu asteburuak Rosarioko Nafar Etxea edota Zazpirak Bat, dastatu bertako janaria eta goza ezazu euren dantzarien emanaldiekin
Euskal Diasporaren Egunaren ospakizunen baitan, Zazpirak Batek (Entre Ríos 261), 19etatik aurrera eskainiko du bere instalazioak bisitatzeko aukera eta euren tradizioaren onena ezagutzekoa, tartean euskal gastronomia, dantzak eta kultura, historia, geografia, euskara eta euskal abizenei buruzko informazioa. Trainera Cocina Vascak plater tradizionalak eskainiko ditu, primerako edariak lagun, Argentinan ekoizten diren “Txapela” euskal sagardo naturala eta, bertako gustuetatik hurbilago, fruitua berarekin gozotua eta apur bat karbonatatua den Juliá & Echarren sagardoa. Ainhoa Aguirre eta María Lourdes Esnal zuzendari, “Gure Haziak” taldeko haurrek emanaldia egingo dute ostiralean; eta larunbatean, “Gaztedi Zutik”-eko dantzari helduen txanda izango da, Mateo Tacconi, Agustina Gomez Arralde eta Ainhoa Parachu zuzendari.
Bere aldetik, Rosarioko Nafar Etxeak (Entre Ríos 248) dei egiten die bere nafar eskaintzaz gozatu nahi duten herritar guztiei ikuskizun eder batez gozatzera 20etatik aurrera. Dantzaldia zuzeneko musikarekin gauzatuko dute eta jateko goxoen eskaintza zabala agintzen dute, tartean paella, txibiak, tortilla, arrain enpanadak, urdaiazpiko eta piper ogitartekoa, zurrakapotea eta beste hainbat edari gau paregabe honetan dastatzeko, azaldu digute.
Turistek baliatzekoa
Jaialdia, Udaleko Nazioarteko Harremanetarako Zuzendaritzak eta Rosarioko Atzerriko Gizataldeen Elkarteak antolatu dute, eta turistei abantaila berezi bat eskaintzen zaie. Izan ere, hiria bisitatzen dutenek %10eko deskontua izango dute egiten dituzten kontsumoetan. Rosarioko Turismo bulegoan jaso beharko da voucherra, astelehenetik larunbatera, 9etatik 18etara, Soilik Rosariotik kanpoko helbidea egiaztatzen duen NANa behar da aurkeztu. Deskontuak egoitzan kontsumitzeko eta eskudirutan ordaintzeko erosketetan balio du soilik. Astebururako plan bikaina!