San Jose, Uruguai. Uruguaiko San Jose hiriko Euskal Etxeak 10 urte bete ditu eta kide eta lagunentzako bazkari batekin ospatu zuen abuztuaren 24an Centenario Klubeko instalazioetan. Bertan, bazkaltzeaz gain, Andrea Bella irakasleak prestatutako zenbait ekintzetan hartu zuten parte euskara ikasleek, etxeko kideek eta baita Zenon Echeverry elkarteko lehendakariak ere. Eta euskal festa askotan ohi bezala, euskal dantzekin ere animatu ziren bildutakoak.
Andrea Bellak azaldu digunez, “Dantza erraz batzuk irakatsi nizkien, beraz euskal musika eta dantzek ere ez zuten hutsegin. Euskara ere praktikatu genuen; izan ere, ni neu etortzen naiz Montevideotik euskara klaseak ematera; talde polita da eta urtebetetze jaian, giro ezin hobea izan genuen lagunen artean”.
Datorren asteburu honetara begira, eta mundu osoan euskal etxe mordo batek egingo duten bezala, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute sanjosetarrek igandean, oraingo honetan Echeverry lehendakariaren landa etxean. Eguerditik aurrera, bazkaria, mahai jokoak, abestiak eta euskal dantzak.