euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederrean egin dute FIVUren zazpigarren euskara "Asteburu pasa", Rio de la Platako ertz uruguaitarrean

2023/12/07

Euskara ikasleek eta irakasleek asteburu ederra pasa zuten euskaraz bizitzen Kiyu herrian, Uruguaiko San José departamentuan
Euskara ikasleek eta irakasleek asteburu ederra pasa zuten euskaraz bizitzen Kiyu herrian, Uruguaiko San José departamentuan

PUBLIZITATEA

Kiyu, Uruguai. “Egun on!” euskaraz esanez jaikitzea, euskal film bati ikustea, hondartzan euskaraz jolastu edo hamaiketakoa partekatzea, eguneroko kontuak dira euskaldun askorentzat. Baina Uruguaiko euskaltzaleentzat, epe laburño batean bada ere, amets bat betetzea da. FIVUko ikasle eta irakasleek deituta, azaroaren 25 eta 26ko asteburuan, Rio de la Platako kostaldeko Kiyu herrian, euskaraz bizitzeko “Asteburu pasa” topaketaren zazpigarren edizioa egin dute.

Ikasitakoa lantzea eta ondo pasatzea helburu, hainbat jarduera garatu zituzten asteburuan zehar. Tartean, hondarrean zizelkaturiko eguzkilore eta txantxangorriak, abestiak gitarraren musika lagun, euskal dantzak, herri-kirolak ibai ondoan eta mahai gaineko jolasak, otordu guztien prestaketa taldeka, zinema gaua “Aupa Etxebeste” partekatuz, altxorraren bilaketa eta beste zernahi, beti ere euskara barra-barra erabiliz.


2023ko Asteburu pasako partaide Iñaki Izacelayak egindako bideoa

“Asteburu pasak erritmo bizi-bizia izan zuen. Eguraldia lagun izan genuen eta poz handiz bueltatu ginen, laburregia izan zela pentsatuz, baina. Oso kontent itzuli ginen, laster berriz elkartzeko irrikaz”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euskara Munduan programako kide den Noel Abella Aiscarrek, María Laura Moreno eta Vanessa Berasategui ikasleekin batera, topaketaren antolatzaile. Partaide izan ziren, besteak beste, Udelarren Etxepare Euskal Institutuko irakurle Beñat Torres urretxuarra eta Uruguaiko FIVUko ikasleak. Zorionak euskaltzaleok!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia