euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederrean bizi izan zuen New Yorkeko Eusko Etxeak Aberri Eguna, Euskal Herritik etorritako lagunekin

2008/04/01

New Yorkeko Eusko Etxeko bazkide gazte bat, Aberri Eguna ospatzeko txapela jantzita, irria bere aitari eskainita (argazkiak NYBC)
New Yorkeko Eusko Etxeko bazkide gazte bat, Aberri Eguna ospatzeko txapela jantzita, irria bere aitari eskainita (argazkiak NYBC)

PUBLIZITATEA

New York Basque Club elkarteak joan den martxoaren 23an ospatu zuen Aberri Eguna, Berpizkunde Igandearekin batera. Hitzorduak bazkide ugari erakarri zituen Brooklyneko Eusko Etxera eta Donostiatik eta Ondarroatik etorritako lagun batzuk ere bildu ziren jaira. Gustura ibili ziren bisitariak eta 'etxean bezala' zeudela ere esan zuten. Eguneko giro alaia, euskal dantza erakustaldia eta bertan parte hartu zutenen agurrak elkarteak bere webgunean jarri duen bideoan daude ikusgai.
Aberri Eguna New Yorkeko Eusko Etxearen hitzordu nagusiena izan da hainbat hamarkadatan da eta martxoaren 23an egin zuten jaian argi erakutsi zuen data honek bertako euskaldunentzat daukan garrantzia. Aurreko urteetan bezala elkarteko kide eta lagun asko bildu ziren euskal etxera, herri bazkariaz gozatzeko asmoz. Aurtengo egitarauan azken orduko aldaketa bat egon zen, Josu Iriondo New Yorkeko gotzainak ezin izan zuelako urtero bezala euskal meza eman elkartearen egoitzan. Meza hau urte askotako tradizioa izan da Eusko Etxean eta bazkide askok pena handiz hartu zuten albistea.

Bazkalaurreko mezarik gabe, partehartzaileak Iñaki Lete sukaldariak prestaturiko bazkariaz zuzenean gozatzeko bildu ziren. Menua honakoa izan zen: pintxoak, arkumea eta txokolate mousse-a. Eguneko anekdota Euskal Herritik etorritako bisitarien eskutik heldu zen: Donostia eta Ondarroako lagun taldeak ziren eta gustu askora ibili ziren euskal etxeko giroan. Donostiarrek ‘etxean bezala’ zebiltzala aitortu zuten, kantu artean. Jaiari bukaera biribila emanez bazkalorduan musikaren tartean elkarteko kide batzuk oinutsik jarri eta euskal dantza erakustaldi bikaina eskaini zuten.

[Goiko irudian Ondarroatik heldu eta Aberri Eguneko jaira bildu zirenetakoak]

[Hitzorduan parte hartutako batzuk euskal dantza erakustaldia eskaini zuten bazkalostean]

Eusko Etxeak jaian bizi izan zen giroa biltzen duen bideoa argitaratu du bere webgunean. Bertan eguneko irudiak eta bertan izan zirenekin elkarrizketa laburrak ikus daitezke. Jaiaren bideo ikusteko jo hona.


Lotura interesgarriak

New York Basque Club
www.newyorkbasqueclub.com

Aberri Eguna Sydney-en, Australian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 28an

Aberri Eguna Mexiko DF, Cancun eta Celayan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 27an

Aberri Eguna munduan zehar, Shanghai-en hasi eta New Yorkeraino
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia