euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederra Necocheako Euzko Etxeak bultzatzen duen Hator Hona gazteen arteko programako saioetan

2012/07/27

Pandero tailerra: Hator Hona-ko partaideekin, Necocheako neska-mutilak hasi dira panderoaren sekretuak ezagutzen (argazkiaEE)
Pandero tailerra: Hator Hona-ko partaideekin, Necocheako neska-mutilak hasi dira panderoaren sekretuak ezagutzen (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Ekimenaren 9. edizioa uztailaren 13tik ari da martxan Necochean, euren ezagutzak eta euskal kulturaren lekukotasuna euren adinkide argentinarrekin partekatzera Euskal Herritik etorritako sei gazteen eskutik. Jo ta ke dabiltza Necocheako euskal etxean Lierni Zangitu Arroyo, Irati Urkiola Irigoien, Maitane Andueza Mujika, Junkal Lekuona Alberro, Nagore Lekuona Lopez de Robles eta Gaizka Garde Izquierdo, izan euskara eta dantza klaseak ematen, musika tailerrak edota kirolak erakutsi eta praktikatzen. Aurtengo nobedadeen artean ‘Txiki Eguna’ izeneko ospakizuna eta beste euskal etxe batzuetako kideei begira antolatutako tailer bereziak aipa daitezke. gazte europarren Necocheako egonaldia abuztuaren 3ra arte luzatuko da eta euren azken agerraldia, 3an bertan izango da, aitona-amonen omenez egingo den jaian.

Necochea, Argentina. Harrera bero-beroa egin zieten Necocheako Euzko Etxea-ko gazteek 2012ko Hator Hona programako partaide europarrei joan den uztailaren 13an. Ostirala zen eta ongi-etorri afari berezi batek – arkume errea – bertakoak ezagutzen hasteko aukera bikaina eskaini zien helduberriei euren egonaldiaren lehendabiziko gauean.

Astelehenarekin, buru belarri hasi ziren lanean Gaizka Garde Izquierdo (iruindarra), Nagore Lekuona Lopez de Robles (gasteiztarra), Maitane Andueza Mujika eta Irati Urkiola Irigoien (donostiarrak), Lierni Zangitu Arroyo (aretxabaletarra) eta Junkal Lekuona (irundarra) eta aukera anitzeko eskaintza jarri zuten Necocheako euskal etxeko kideen esku. Irati eta Maitane euskarazko lau taldeez ari dira arduratzen; hiru maila diferente dira eta laugarren talde bat, txikiak baitaratzen dituena.

Nagorek eta Gaizkak, berriz, dantza klaseak ematen dizkiete txikien eta ertainen taldeei, 'Gazte Alai' eta 'Zahar Alai'ko taldekideei eta amatxoen taldeari; eta propio eratutako beste talde batekin 'Dantzari dantza' prestatzen ari dira. Dantza klaseak egunero egiten dira.

2012ko Hator Hona 2012 01

[Euskara, pandero, txalaparta eta trikitixa... euskal kultura tradizionaleko adierazpen anitz garatzen ari dira egun hauetan Necochean Hator Hona-ko partaideak medio (argazkiak EE)]

Musikari dagokionez, Junkal eta Maitanerekin sei dira trikitixa jotzen ikasten ari diren taldeak. Panderoarekin animatu direnak Gaizkaren klaseetara doaz eta hamar bat lagun dira. Txalaparta klaseak Liernik ematen ditu 15 bat laguni. Kirolariak, ostera, euskal etxeko frontoian elkartzen dira. Irakaslea Lierni da eta bi talde ditu, emakumezkoena eta gizonezkoena. Bakoitzean 15 lagun ari dira trebatzen. Dantzak izan ezik, beste ekintza guztiak astean bitan egiten dira.

2012ko Hator Hona 2012 02

[Atsedenik hartu gabe, dantzariek egunero entseatzen dute (argazkiak EE)]

Bederatzi urte bete dituen ator Hona proiektuak obedade batzuk ekarri ditu aurten. Uztailaren 22an, esaterako, 'Txiki Eguna' ospatu zen euskal etxean. Egunean zehar erakundeko txikienek musika eta jolasak biltzen zituen ekitaldi batean hartu zuten parte eta skaria ere partekatu zuten neska-mutilek gonbidatu euskaldunekin.

Bestalde, atzo hasi eta bihar arte, Necochea inguruko euskal etxeetako kideentzako ere diren tailerrak ari dira egiten. Biharko ekintzetan parte hartzen dutenak San Inazio afarira gertaratu ahal izango dira, eta Gazte Alai eta Zahar Alai taldeetako dantzariek, Hator Hona-ko gazteekin batera, aurkeztuko dituzten dantzez gozatzeko parada izango dute.

Hator Hona proiektuaren partaideak abuztuaren 3ra arte izango dira Necochean. 3an bertan ‘Aitona-amonen jaia’ ospatuko da eta bertan urtean zehar prestatutako koreografiak aurkeztuko dituzte dantzariek. "Horren ostean, Euskal herriko sei gazteak etxeratuko dira. Baina betiko jakingo dute herri honetan ere badutela euren beste etxe bat", adierazten dute programaren arduradunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia