euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederra ezagun Caracaseko Eusko Etxean jokatu den bertako Nazioarteko I. Pilota Txapelketan

2008/12/16

Emakumezkoen pelota goman Argentinak Venezuela B taldeari irabazi zion (argazkia P.Arriaga)
Emakumezkoen pelota goman Argentinak Venezuela B taldeari irabazi zion (argazkia P.Arriaga)

PUBLIZITATEA

Eusko Etxea elkartea Caracaseko Nazioarteko I. Pilota Txapelketaren egoitza izan da abenduaren 2tik 6ra, Argentina, Estatu Batuak, Uruguai eta Venezuelako pilotariak bildurik elkarteko frontoian lehian. Astea biribiltzeko abenduaren 6 eta 7an Esku Pilota Open ikusgarri bat jokatu zuten Euskal Herriko Agirre-Argote eta Berazaluze-Arruti pilotariek, Aspe eta Asegarce enpresetako profesionalak.

Caracas, Venezuela. Caracaseko Nazioarteko Euskal Pilota Txapelketak kirol honen zirrara ekarri zuen Caracaseko Eusko Etxera, elkarteko frontoian jokatu baitira partidak. Sei egunetan zehar elkartea Argentina, AEB, Uruguai eta Venezuelako pilotarien agerleku izan da. Txapelketa hiru kategoriatan jokatu da: Emakumezkoen eta Gizonezkoen Gomazko Paleta eta Gizonezkoen Larruzko Paleta.

Pilota txapelketa (2)

[Venezuela eta Uruguaiko pilotariak Caracaseko Eusko Etxean abenduaren 2tik 6ra egin den Nazioarteko Pilota Txapelketan (argazkia P. Arriaga)]

Emakumezkoen Gomazko Paletan irabazleak Argentinako ordezkariak izan dira. Venezuela B bikotea gainditu zuten finalean. Aipagarria da venezuelarren maila, izan ere hirugarren postuan Venezuela A bikotea sailkatu baitzen. Gizonezkoen Gomazko Paletan ere irabazleak argentinarrak izan ziren, bigarren venezuelarrak eta hirugarren Uruguaiko bikotea.

Pilota txapelketa (1)

[Argentina Venezuelaren aurka Caracaseko Eusko Etxeko frontoian, elkarte honek antolatutako Lehen Nazioarteko Pilota Txapelketan (argazkia P.Arriaga)]

Larruzko pilotan (gizonezkoek bakarrik jokatu zuten) etxeko bikoteak ezustekoa eman eta irabazi egin zuen Argentinako ordezkari eta faboritoen aurrean. Hirugarren Estatu Batuetako ordezkariak izan ziren.

Txapelketak aipatu herrialdeetako pilotarien eta euskal gazteen arteko harremana estutzeko aukera bikaina eman zuen eta kirolaz gain, aisialdiaz gozatzeko astia ere izan zuten partehartzaileek. Egun bat libre egokitu zen eta Venezuelako Caribeko hondartzetan igaro ahal izan zuten gazteek.

EuskalKultura.com-ek ematen dien aukera hau baliatuz, Eusko Etxeko arduradunek txapelketaren antolakuntzan lagundu duten bazkideei eta Venezuelako Euskal Pilota Federazioari eskerrak eman nahi dizkiete. Elkarteak Jorge Borrajoren ekarpena ere azpimarratu nahi du, Eusko Etxean pilotariak trebatu eta afizioa sortzeaz gain, Larruzko Paletan urrezko domina irabazi zuelako.

Pilota txapelketa (6)

[Bateko eta besteko pilotariek elkartasun bazkari bat egin zuten Eusko Etxeko frontoiko patioan (argazkia P.Arriaga)]

Esku Pilota Opena

Txapelketari bukaera biribila emanez Euskal Herriko lau pilotari profesionalak Eskuzko Open bat jokatu zuten abenduaren 6 eta 7an. Pilotariak Agirre-Argote, Berazaluze-Arruti bikoteak izan ziren, Aspe eta Asegarce enpresetakoak. Euren jokoak 'Caracaseko zaleak liluratu egin zituzten', azaldu dute bertako Eusko Etxetik.

Pilota txapelketa (7)

[Caracaseko Pilota Txapelketa esku pilota Open batekin bukatu zen. Irudian Agirre-Argote eta Berazaluze-Arruti bikoteek jokatu zuten partida (argazkia P.Arriaga)]

Larunbatean, Open honetako lehen partidaren aurretik, Venezuelako Euskal Pilota Federazioko lehendakari ohiek omenaldia jaso zuten eta antolatzaileek euren izena zeraman eta Venezuelako eta Euskadiko federazioen eta Euskal Pilotaren Mundu Batzarraren ikurra zuen txapel bana oparitu zieten. 

Pilota txapelketa (5)

[Ezkerretik eskubira Pedro Arriaga (Eusko Etxeko presidentea) eta Venezuelako Euskal Pilota Federazioko presidenteak Joseba Sesma, Joseba Urruzuno, Blanca Arrizabalaga (bere anaia Juan Miguelen ordezkari), Joseba Barreda eta Jon Mikel Olabarrieta, Pelotazalea elkartekoa (argazkia P.Arriaga)]

Omenaldian Joseba Sesma, Joseba Urruzuno eta Joseba Barreda lehendakari ohiak izan ziren. Juan Miguel Arrizabalagaren ordezkari bere arreba egon zen bertan, eta Juan José Lecuek igandean jaso zuen txapela, larunbatean ezin izan baitzen omenaldira joan. Omenaldi berezia izan zuen ere Jon Mikel Olabarrieta Pelotazale elkarteko presidente eta Eusko Etxeko hainbat pilotarien irakasleak.

Irudi gehiago, Argazki galerian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia