Buenos Aires, Argentina. Badira gauzak gehiago direnak bizi eta sentitzeko ez eta kontatuta jakiteko. Guri bizi izandakoa kontatzea egokitu zaigunez, esan dezagun jende multzo polita bildu zela joan den larunbatean, maiatzaren 13an, Buenos Aireseko San Telmo auzoko karriketan barrena euskal kantu, musika eta dantzak protagonista. Ilunabarrean hasi eta gauerdira arte hainbat gaztek erantzun zioten hiriko Euskaltzaleak euskaltegiak antolatutako XII. Trikipoteoan parte hartzeko deiari.
Ehun pertsonatik gora bildu zituen ekitaldiak hasiera hunkigarria izan zuen. Renzo Bustos-ek, Marianela Rimini txistuan lagun, omenezko aurreskua dantzatuz, Euskaltzaleak-eko familia osatzen duten guztien esker ona eskaini nahi izan zien martxoaren 24ko uholdeen karietara euren laguntza eta lankidetza solidarioa ekarri zuten bolondres liburu-zaharberritzaileei, urpean geratutako liburutegiko liburu eta ale busti eta kaltetuak behar bezala lehortzen eta berreskuratzen laguntzeagatik.
Aurreskua uholdeak kalteatutako liburuak erreskatatzen lan egin zuten kontserbatzaile eta zaharberritzaileei
Irteera Euskaltzaleak-en egoitzatik San Telmoko tabernetara, triki eta panderoa eta lagun askorekin
Alaitasuna nagusi izan zen gau gogoangarri batean, hamarnaka lagunek egin zuten bat tabernetako ibilbidearekin, Irati Lezama eta Ignacio Baña Barquin trikitilari, Anabel Jaureguiberry eta Sabrina Otegi panderoan, eta Marianela Riminik eta Maite Martinez txistuan. Euskaltzaleak-eko dantzari eta dantzazaleekin musika eta dantza partekatuz, Arrecifes, Cañuelas, Córdoba, Buenos Airesko Laurak Bat eta hirian bizi diren Euskal Herriko gazte ugari aritu ziren.
Xalbadorren heriotzean kantatzen San Telmo auzoko kaleetan
Euskaltzaleak-ek antolatutako Trikipoteoaren eskutik iritsi da kalimotxoa San Telmoko tabernetara. Ezkerretik eskuinera. Marianela Rimini, Carlos Bordagaray, Txitxo Abasolo eta Anabel Jaureguiberry
Toki eta jatorri askotako euskal gazteak bildu ziren Euskaltzaleak-en 12. Trikipoteora
Zazpi jauzi ere dantzatu zuen San Telmo euskal erritmoz bete zuen Euskaltzaleakeko kuadrilak
Euskal festa gaztea, fandangoa barne, gauerdiraino luzatu zen San Telmoko karriketan