euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederra eta gonbidatu bereziak Argentinako euskal etxeetan Sanferminetako jaiak ospatzeko

2010/07/28

Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxean bildu ziren dantzariak
Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxean bildu ziren dantzariak

PUBLIZITATEA

Uztailarekin batera urteko lehenengo seihilekoaren bukaera heldu da. Balantzea egiteko eta atseden txiki bat hartzeko momentua, agian. Izan ere, Argentina osoan, probintzia ezberdinetan ordutegi ezberdinak gorabehera, neguko oporren garaia izaten dira hilabeteok. Eta San Fermin Jaiak, bi helburu horiek betetzeko aukera eman dio Argentinako hainbat euskalduni. San Ferminen omenezko festen harira, euskal erakunde batzuek, gonbidatu bereziak jaso dituzte beren baitan. Trenque Lauquen-era, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria bildu da; La Platako ospakizunean, berriz, Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkariak hartu zuen parte; eta euskal etxe askotako kideak Ayacuchora bidaiatu ziren bertako ekitaldian dantzatzera.

Trenque Lauquen, Argentina. Joan den uztailaren 9an, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeak ehun eta hogeita hamar lagun bildu zituen bere San Fermin Jaian. Aurten Necocheako “Otxoteak” kantatu zuen Euskal Sustraiak-ek antolatutako ekitaldian eta herriko 'Potxolo' Crespok Villa General Belgranora joateko opor-bidaia irabazi zuen jaiko zozketan. FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterrak egun osoa pasatu zuen Buenos Aires probintziako herri honetan. Arratsaldean bilera bat izan zuen euskal etxeko kideekin eta gauean afarian ere hartu zuen parte.

San Fermin 2010 - Trenque Lauquen 01

[Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko kideak Ricardo Basterrarekin (erdian, txapeldun) bildu ziren]

San Fermin 2010 Trenque Lauquen 02

[FEVAko lehendakariak Trenque Lauquengo euskal etxekoekin afaldu zuen]

La Platako ospakizuna

Buenos Aires probintziako hiriburuan, ordea [La Platan, alegia], uztailaren 4an gauzatu zen ospakizuna. Egun osoko egitaraua "Marinel Zaharren Egoitza"ko elizan hasi zen, meza eta eliztar eta zaharrentzako dantza ikuskizun batekin. Ondoren, hiriko Moreno Plazan bildu ziren euskal etxeko kideak; hor, Gernikako kimuaren ondoan omenaldi bat egin eta gero dantzariek Aurresku, San Miguel, Ezpatadantza eta Lore Arku dantzatu zituzten. Euskal komunitateko lagun mordo bat bertaratu zen plazara, tartean Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Ordezkaria, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria eta Javier Clua euskal etxeko lehendakaria bera.

San Fermin 2010 - La Platako Euzko Etxea 01

[La Platako Euzko Etxea-ko kideek omenaldi bat antolatu zuten La Platan Gernikako kimuaren ondoan]

San Fermin 2010 - La Platako Euzko Etxea 02

[Euzko Etxea-ko dantzariek La Platako Moreno Plazan dantzatu zuten]

San Fermingo Txupinazoarekin abiatu ziren euskal etxeko ekitaldiak. Paella prest zegoen lagun guztiak egoitzara heldu orduko. Bazkaltzeko orduan hiriko alkate Pablo Bruerak eta Javier Mor Roig probintziako senadorea ere bildu ziren, beste hainbat gonbidatuen artera. Euskal Herritik, Gipuzkoako Astigarraga herririk etorritako “Aire Aire Trikitixa” Taldeak musika jarri zion festari eta adin guztietako jendea ipinin zuen dantzan. Euskal Etxeko abesbatzak, berriz, Maria Evangelina Bertolaren gidaritzapean eta Maite Unzurrunzaga piano-jotzailearen laguntzaz, euskal errepertorioko abesti batzuk eskaini zituen.

San Fermin 2010 - La Platako Euzko Etxea 03

[Ehunka lagun bildu ziren La Platako Euzko Etxea-ra Sanferminak ospatzeko]

Euskal etxeko dantzariek euren koreografiak erakutsi zituzten arratsaldean zehar: txikienek, Kalejira, Fandango eta Ipurdi Dantza; ertainek, Txinparta; eta nagusiek Aurreskua, Zuberoako Maskarada, Sorginak, Plazara, Fandangoa eta Arin Arin. Txikiek gainera, Donostiako soinuak ekarri zituzten Euzko Etxea-ra danborrada jendaurretuz. “Zaharrak” taldea ere pasatu zen tauletatik; euskal etxeko helduek Gorulari dantzatu zuten.

Euskal etxe ezberdinetako dantzariak elkartu ziren Ayacuchon

Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxeak ere luxuzko gonbidatuak izan zituen Sanferminak ospatzeko. Uztailaren 18an Maipuko Anaitasuna, Tandilgo Gure Etxea eta Cañuelasko Denak Bat euskal etxeko dantzariak, Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldearekin batera, Ayacuchora gerturatu ziren bertako jaialdian parte hartzera.

San Fermin 2010 - Ayacuchoko Euskal Odola 01

[Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeak Ayacuchoko Parrokian dantzatu zuen]

Goizeko hamaiketan, esker-emate meza egin zen herriko parrokian. Ondoren, parrokian bertan –eguraldiak laguntzen ez zuelako– dantzariek euren emanaldia gauzatu zuten. Dario David Ayacuchoko alkateak, euskal komunitatekoei lagundu zien Club de Leones-en egin zen jaian. Bazkaldu baino lehen, Fermina Mariezcurrenak, euskal etxeko lehendakariak, ongietorria eman zien Ayacuchora bidaiatu ziren taldeei eta ondoren “Zer dakit euskaldunei buruz?” lehiaketaren eta euskal etxeak antolatutako zozketaren sariak eman zitzaizkien irabazleei. Arratsaldean zehar, Euskal Herriko dantzez gozatu ahal izan zuten gonbidatuak.

San Fermina 2010 - Ayacuchoko Eusko Odola 02

[Ayacuchoko "Club de Leones"-en dantzariek beren ikuskizunarekin jarraitu zuten]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia