euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederra Argentinako hainbat euskal etxek antolatutako 2012ko Aberri Eguneko festa eta ekitaldietan

2012/04/23

Patagonisn, besteak beste Gizataldeen Ibilbidean ospatu zuten Barilocheko euskaldunek Aberri Eguna (argazkia Alejandra Bartoliche)
Patagonisn, besteak beste Gizataldeen Ibilbidean ospatu zuten Barilocheko euskaldunek Aberri Eguna (argazkia Alejandra Bartoliche)

PUBLIZITATEA

Segitzen dute Diaspora osoan Aberri Eguneko ospakizunek, eta beraz pazientzia eskatzen dugu, pixkanaka argitaratzen joango baikara bateko eta bestekoak, informazioa heldu bazaigu bederen. Soilik Argentinan, Patagoniatik Mesopotamiaraino herri askotako euskal erakundeek bat egin dute ospakizunekin. Sarritan, herri, probintzia eta nazio mailako agintariak bertaratu dira zeremonietara egun berezi honetan bat eginik euskaldunekin. Hona euskal etxe eta datu multzo berri bat, honako euskal elkarteena: Barilocheko Mendiko Euzko Etxea, Olavarriako Gure Etxe Maitea, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Chivilcoyko Beti Aurrera, Pergaminoko Lagun Onak eta Misioneseko Euskal Jatorri.

Bariloche, Argentina. Apirilaren 16a izan zen Rio Negro probintziako Barilocheko euskaldunek Aberri Eguna ospatzeko aukeratutako eguna. Ekintza Gizataldeen Ibilbidean egin zen eta herriko Udaletxearen babesa jaso zuen. Zenbait agintarik lagundu zituzten Mendiko Euzko Etxea-ko kideak ekimen honetan, tartean, Silvina Garcia Larraburu diputatua eta María Eugenia Martini alkatea bera.

2012 Aberri Eguna II 2012 01

[Mendiko Euzko Etxea euskal etxeko ordezkariak Aberri Eguneko ospakizunean (argazkia Alejandra Bartoliche)]

Zeremoniaren hasieran, Argentinako bandera eta ikurriña altxatu ziren eta ondoren Martini alkateak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari: “Aberri Egunaren 80. ospakizun honetan euskal etxeko kideekin bat egin nahi izan dugu. Nire aitona ere, Rodolfo Laurcade, euskalduna zen beraz ondo asko dakit neronek ere zer den aberria Euskal Herriko jendearentzat. Gogoratu ere egin behar dut euskaldunak eta beste kolektibitateak ezinbestekoak izan zirela gure hiria sortzeko”, izan ziren bere hitzak, Bariloche2000 egunkari digitalak bildurik. 

Olavarria eta Chascomus 

Gure Etxe Maitea da Olavarriako euskal etxea eta bertako euskaldunek apirilaren 15ean ospatu zuten Aberri Eguna. Erakundeko lehendakari Marisu Mendizabalek eman zion hasiera bilkurari gonbidatuak agurtzen. Ondoren, urrezko liburua sinatu zen eta oroigarri bat jaso. 50 bat pertsonentzako bazkarian pintxoak, arkumea txilindron erara, eta gozoak dastatu ahal izan ziren.

Bazkariaren baitan omenaldi bat egin zitzaion Guillermo Hofman-i, orain Australian bizi den Malvinaseko soldadu ohiari, bere ama, Coca Ibarra, bertan zela. Beste euskal etxe batzuetako kideak ere bertaratu ziren Gure Etxe Maitea-ra, tartean, Lapridako Elsa Eyherabide eta Maria Ester Arrondo. Lagunen Etxea-ko ordezkariok Euskal Herria aldizkariaren bertsio digitalak banatu zituzten opari. Jaiari amaiera emateko, Pablo Ormazabal arkeologo eta irakasleak egunarekin bat zetozen hitz batzuk konpartitu zituen publikoarekin. 

2012 Aberri Eguna II 2012 02

[Olavarriako Gure Etxe Maitearen Aberri Eguneko ospakizunaren irudiak (argazkiak EE)]

Buenos Aires probintzian ere, baina Chascomus herrian, erakusketa bat inauguratu zen Aberri Eguna ospatzeko. ‘Euskal Aztarna Argentinan’ erakusketa apirilaren 14an inauguratu zen herriko Udaletxeko Ispiluen Aretoan eta bertan egongo da ikusgai maiatzaren 11ra arte. Herriko gobernuko ordezkariek hartu zuten parte ekimenean, tartean Juan Alberto Gobbi alkateak eta Oscar Ruiz Udaleko Biltzarreko presidenteak. Euskal Etxeko lehendakari Pedro Mauregui Larrandaren hitzekin hasi zen ekitaldia eta  ondoren Cesar Arrondo irakaslea Aberri Egunaren esanahiari buruz mintzatu zen. Erakusketaren aurkezpena bukatzean lagun arteko afaria partekatu zuten Zingirako Euskaldunak euskal etxeko kideek.

2012 Aberri Eguna II 2012 03

[Chascomusen ‘Euskal Aztarna Argentinan’ erakusketa inauguratu zen Aberri Eguna ospatzeko (argazkia EE)]

Chivilcoy eta Pergamino

2012ko egitarauaren lehenengo afariaren baitan ospatu zuten Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxekoek Aberri Eguna. Bilkura aurreskuarekin hasi zen eta ondoren Euskal Herriaren argazkiak proiektatu ziren Pirinioetako paisaiak eta kultura ezagutarazteko. Dantzariek koreografia bat aurkeztu zuten eta euskara ikasleek apaingarriak egin zituzten. 180 lagun bildu ziren apirilaren 14ko ospakizunean eta euskal etxeko kide guztiek lan egin zuten gonbidatu guztiek ondo baino hobeto pasa zezaten. 

2012 Aberri Eguna II 2012 04

[Aberri Eguneko afaria Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxean (argazkia EE)]

Pergaminon, Lagun Onak euskal etxean afaria batera bildu ziren euskaldunak Aberri Eguna aldarrikatzeko. Giro ederrean eta lagun artean, euskal etxeko dantzariek pieza batzuk egin zituzten. Afaria etxeko egoitzan egin zen eta euskal etxeak iragarri zuen legez, elkarretaratze kutsoa hasita, hilabetero egingo dira afariak 9 de julio kalean dagoen egoitzan. 

2012 Aberri Eguna II 2012 05

[Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko kideek lagun arteko afari batekin ospatu zuten Aberri Eguna (argazkia EE)]

Misionesko Euskal Jatorri

Iparralderago, Pirá Pytá klubean bildu ziren Posadasko euskaldunak Aberri Eguna ospatzeko. Ekitaldia igandean, 15ean, burutu zen eta ehun bat lagunek hartu zuten parte. Bazkarian Aberri Egunari buruzko testu batzuk irakurri zituzten eta zozketa batzuk egin ziren. Bazkaria eta gero, kartetan aritu ziren gonbidatuak. 

2012 Aberri Eguna II 2012 06 

[Argentina iparraldean, Misionesko Euskal Jatorri-ko lagunek ere ospatu zuten Aberri Eguna (argazkia EE)]

 


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia