euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro bikainean ospatu ditu José C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak bere 28 urteak, bazkari ederrean, alaitasuna nagusi

2024/06/12

Pozarren eta emozioa José C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak 28 urteurreneko brindisean
Pozarren eta emozioa José C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak 28 urteurreneko brindisean

PUBLIZITATEA

José C. Paz, Argentina. Buenos Aires Handiaren ipar-mendebaldean, José C. Paz herriko “Toki Eder” Euskal Etxearen 28 urteen ospakizuna jai ederra bilakatu zen joan den igandean, ekainaren 9an, euskal elkartearen egoitza dotorean. 120 bat lagun bildu ziren bazkari bapoa partekatzeko, zer eta Etxeko sukaldariek prestatu eta Toki Ederreko kideek arduraz zerbitzatutako paella. Daniel "Jopo" Galfredo eta bere hirukotearen showak, bertako dantzarien emanaldiak, mahaikide bikote baten bat-bateko tango-ikuskizunak, urteurreneko tarta klasikoak, brindisak eta zozketa hutsezinek primerako topaketa baten egitaraua osatu zuten.

 
Agurra, Jennifer Cabezas eta Gonzalo Campodónico dantzarien eskutik

Ereserkiek eta aurreskuak, Jennifer Cabezas eta Gonzalo Campodonicoren eskutik, eman zioten hasiera jaiari. Jose C. Paz-eko Udaleko Kultura zuzendari eta ohorezko bazkide den José Carlos Narváez aritu zen zeremonia-maisu eta Toki Ederreko lehendakari ohi eta elkarteko alma mater María Angeles Oñederrak Euskal Herritik bidalitako hitzak irakurri zituen. Azken hilabeteotan zendutako bazkideentzat ere izan zituen hitzak, gomuta bereziarekin Toki Ederreko lehendakariordea zen Blanca Alfonsorentzat.

 
Ezkerretik eskuinera, Raul Grillo Arturi alkatea, Claudia Gastiazoro, Jennifer Cabezas, Oscar García eta Gonzalo Campodónico

Kontzertu txalotua eskaini zuen Daniel “Jopo” Galfredo, Guillermo “Willy” Lucero eta Marcelo “Coco” Diazek osatutako hirukoteak, kantutegi herrikoia jorratuz.  “Ikusi mendizaleak - San Lorentzo martxa” euren klasikoa, bilbainadak, tangoa, zamba, txakarera, boleroa eta, bukatzeko, “Zorionak zuri” abestu zituzten.

 
José C. Paz bertako “Gure Talde Alai”ko dantzariak dantzan

Jennifer Cabezas zuzendari, Toki Ederreko “Gure Talde Alai” taldeak euskal dantzen erakustaldi bat eskaini zien bertaratutakoei. Eta Ezequiel Ugartemendia lehendakariak opariak trukatu zituen Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola Azpirirekin eta FEVAren izenean bertan zen, federazioko bigarren lehendakariorde Carlos Miguelenarekin.

 
Opari trukean: ezkerrean, Ezequiel Ugartemendia lehendakaria, Sara Pagola Azpirirekin. Eskuinean, Carlos Miguelenarekin

Topa egiteko unea iritsita, kandelatxoak itzali zituzten eta Toki Ederreko lehendakariorde Ana Guerrerok berak egindako urtebetetze opil gozoak partekatzeko unea. Eta, eguzkia desagertu zenean, egunari azken agurra emateko ordua. General Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxeko eta Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteko kideak ere bertan egin zuten bat ospakizunarekin.

Zorionak Toki Eder!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia