euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro bikaina Ontario eta Mountain Home-n Nokaren kontzertuetan; birak Kalifornian darrai bihar eta etzi

2012/10/11

Ontario Basque Club-en eman zuten kontzertuaren aurkezpenean, Nokako kideek taldearen izenaren esanahia azaldu zieten entzuleei (argazkia OntarioBC)
Ontario Basque Club-en eman zuten kontzertuaren aurkezpenean, Nokako kideek taldearen izenaren esanahia azaldu zieten entzuleei (argazkia OntarioBC)

PUBLIZITATEA

Noka taldeak --hiru emakume dira partaide, Catherine Petrissans Parker, Andrea Bidart Oteiza eta Begoña Echeverria-- kontzertua eman zuen iragan ostiralean Oregonen eta emanaldi horrekin abiarazi zuen udazkenean AEBetako euskal etxeetan egiten ari den bira. Ontario Basque Club-en izan zen emanaldia eta elkarteko bazkide kopuru polita bildu zen. Taldeak giro ederra sortu zuen eta entzuleak kantuan jarri zituen euskaraz. Biharamunean Idahoko Mountain Home-en jo zuen Nokak. Taldeak bihar ekingo dio berriz ere birari, Kaliforniako Stanford Unibertsitatean emango duen kontzertuarekin. Etzi, berriz, NABOk urtero antolatzen duen Kantari Egunean arituko da, Rocklingo Iparreko Ibarra euskal etxearen eskutik.

Ontario, AEB. Noka talde kaliforniarra bira egiten ari da urrian AEBetako zenbait euskal etxetan, NABO (North American Basque Organizations) federazioaren Gurea kultur egitasmoaren barruan. Iragan urriaren 5ean abiatu zen bira Oregon estatuan, Ontario Basque Club elkarteak antolatu zuen ekitaldian.

Taldeak Laurent Ascarain gitarrajole baigorriarra izan zuen lagun taulagainean eta emanaldian pantaila erraldoi bat erabili zuen abestien letrak --jatorrizko euskaran zein ingelesera itzulita-- entzuleei erakusteko. Pantaila honen bidez abestiei buruzko azalpenak eta irudiak ere erakutsi zituzten, eta taldearen izenaren esanahia ere argitu zuten ('noka' hitanoaren barruan solaskideak emakumeak direnean erabiltzen den tratamentua da, esan zuten). Kontzertuaren ostean lagunarteko afarian bildu ziren elkarteko bazkideak eta Nokako musikariak.

Ontario Basque Club elkarteak kontzertuaren argazki bilduma argitaratu du Facebooken (guk horietako batzuk ekarri ditugu hona) eta emanaldiko bi bideo ere plazaratu ditu. Horietako bat da, adibidez, "Amak ezkondu ninduen" hau.

Ontario Concierto Noka 2012 (3)

[Noka taldeko kantariak Ontario Basque Club-eko Lisa Corcosteguirekin (ezkerretik bigarrena), kontzertuaren ostean (argazkia OntarioBC)]

Ontario Concierto Noka 2012 (2)

[Kontzertua amaitu eta gero entzuleek Ontario Basque Club-eko egoitzan ikusgai dagoen euskal kultur erakusketa bisitatu zuten (argazkia OntarioBC)]

Biharamunean taldea Idahoko Mountain Home-era mugitu zen eta kontzertua eskaini zuen NABOren Udazkeneko Bilkuran. AEBetako hainbat euskal etxetako ordezkariak bertan ziren eta euren aurrean jo zuten Nokakoek.

Taldearen birak bihar bertan izango du jarraipena, Nokak Kaliforniako Stanford Unibertsitatean egingo duen emanaldiarekin. Kontzertu hau Stanfordeko euskal ikasketa programarekin lankidetzan antolatu da. Etzi larunbata, taldeak laugarren eta azken emanaldia eskainiko du, Lincoln-en, oraingoan NABOren Kantari Egunaren barruan. Kaliforniako Rocklingo Iparreko Ibarra Euskal Etxeak antolatu du, euren urteroko piknikarekin batera. 2012ko Kantari Egunaren egitarau osoa, hemen.

-Nokari buruzko informazio gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia