Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak (FIVU) urtero egiten duen Udalekua irailaren 26tik 28ra bitartean egin da aurten, Hego Hemisferioko udaberriko eguraldia lagun, nahiz eta euria eta haizea ere agertu ziren. Oraingoan 28 neska-mutilek parte hartu zuten kanpalekuan: txikiak eta koxkorxeagoak, 6tik 16 urtera bitartean. San Jose departamentuko Kiyu herrian egin zen; guaranien hizkuntzan, kiyu hitzak kilkerra esan nahi du eta horixe izan zen aurtengo Udalekuaren ikurra.
Montevideo, Uruguai. 2.000 urteaz geroztik antolatu du FIVUk Udaleku, euskal etxeetako gazteen artean euskal kulturaren arlo desberdinak ezagutarazteko eta, nola ez, neska-mutil horiek ondo pasatzeko eta lagun berriak egiteko aukera izan dezaten. Urtetik urtera esperientzia gero eta aberatsagoa da eta partehartzaileen balioespenen arabera bide onetik doa egitasmoa.
Edizio bakoitzak bere kamiseta berezia du, uniforme gisa. Aurtengoa Udalekun parte hartu zuen gazte batek egina zen eta haritz hosto baten gainean ageri den kilker txapelduna zen irudia. Esan bezala, Kiyu herriaren izena guarani hizkuntzan kilkerra da kilker txiki, bizi eta alaiekin ederki identifikatu ziren partehartzaileak.
Kanpalekuan euskara, dantza eta herri kirol lantegietan parte hartu zuten gazteek, eta horrez gain, joko eta denbora pasa ugari egin zituzten.
Euskal Herriko festak
Udalekuren edizio bakoitzak gai nagusi bat izan ohi du eta aurtengoa Euskal Herriko festak izan dira, nagusiki hiru: Iruñeko sanferminak, Gasteizko Andra Mari Zuriaren festa, eta Donostiako Danborrada. Hurrengo topaketetan gainerako probintzietako festekin segitzeko asmoa agertu zuten antolatzaileek.
Azalpenak eta ikusentzunezko materiala medio jai bakoitzari buruzko informazioa jaso zuten gazteek eta ondoren jarduerak egin ziren jai horiek ardatz hartuta: festetako pertsonaien mozorroak, altxorraren bila, jokoak euskaraz... Amaitzeko, herri kiroletan irabazi zuen taldeak danborrada jo zuen.
Igande goizean, denen aurrean, partehartzaileek Gernikako Arbolaren kimu bat oparitu zieten kanpamenduko agintariei, kanpalekuan oroigarri gisa gelditu dadin. Gazteen balioespenak baikorrak izan ziren oso, eta dagoeneko datorren urteko Udaleku antolatzen hasia da FIVU, beti ere Uruguaiko gazteei Euskal Herriko kultura ezagutarazteko helburuarekin.
Irudi gehiago, Uruguaiko Udalekuen blogean