euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro bikaina eta 700 lagundik gora Kaledonia Berriko euskaldunek antolatu zuten jaian

2013/07/08

Jaiko unerik dibertigarrienetako bat hauxe izan zen: Pakito Txokolatero erraldoia osatu eta boluntarioak ilaran zehar "surfean" ibili zirenekoa (argazkia AmicalePB)
Jaiko unerik dibertigarrienetako bat hauxe izan zen: Pakito Txokolatero erraldoia osatu eta boluntarioak ilaran zehar "surfean" ibili zirenekoa (argazkia AmicalePB)

PUBLIZITATEA

Kaledonia Berriko "Amicale du Pays Basque Sonc" taldeak euskal jaialdi ederra eta koloretsua egin zuen iragan asteburuan, eta jendetza bildu zen Noumea hiriburuko frontoira bertan parte hartu eta gozatzeko. Jaialdian gogoan izan zuten 2011n zendu zen Alban Cointat laguna, irlako euskal komunitateko kide oso aktibo eta maitatua zena. Hamabi musika talde eta kantari igaro ziren egunean zehar jaialdiko taulagainetik eta 700 bat lagun bildu ziren bazkarira.

Noumea, Kaledonia Berria. Amicale du Pays Basque SONC elkarteak jai egun ederra izan zuen iragan larunbatean, uztailaren 6ean, eta uhartediko bazter guztietatik bildu ziren lagunak eta bazkideak hango giroaz gozatzera. Euskal Herritik heldutako gonbidatu bereziak ere izan ziren tarteko, horien artean Jean Louis Bergara eta berarekin etorri ziren musikariak (elkartearen jai egitarauan "Lau Eskualdunak" izenarekin agertzen zen taldea).

Bergarak EuskalKultura.com-i agertu dionez, jaiak giro bikaina izan zuen eta jendetza bildu zuen Noumeako frontoira. Han, palmera artean dagoen pilotaleku ederrean hasi zen eguna, xistera erakustaldi ikusgarri batekin. Ondoren, jaiko unerik hunkigarrienetako bat etorri zen, Alban Cointat lagunari irlako euskaldunek egin zioten omenaldia. 2011n hil zen Albanen omenez aurreskua dantzatu zuen irlako mutiko gazte batek eta kantuekin ere gogoratu zuten laguna elkarteko zenbait kidek.

Kaledonia Berria Pilota 2013

[Eneko, irlako pilotari gazte bat xistera erakustaldian (argazkia AmicalePB)]

Kaledonia Berria Omenaldia 2013

[Jean Louis Bergara eta Pierre Jaraygohen Alban Cointat-en omenaldian kantari (argazkia AmicalePB)]

Ondotik paella erraldoia jateko 700 lagun inguru bildu ziren eta arratsaldean irlako kantari eta taldeek kontzertua eskaini zituzten. "Hamabi musika talde aldizka pasatu ziren arratsaldean", azaldu du Bergarak. "Zinez egun oroitagarri bat!". 

Kaledonia Berria Dantza 2013

 [Kaledonia Berriko dantzek ere tartea izan zuten elkartearen euskal jaian (argazkia AmicalePB)]

Argazki gehiago (seirehundik gora!) Amicale Pays Basque SONC elkartearen Facebook orrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia