euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro bikaina '@roma basco-euskara' jaialdian; bihar bukatuko da, Xabier Montoiaren kontzertuarekin

2011/12/16

Pintxo! jaian partaideak dantzan aritu ziren, Asier Oyarzabalek prestaturiko kutixiak dastatu ostean (argazkia Euskara.it)
Pintxo! jaian partaideak dantzan aritu ziren, Asier Oyarzabalek prestaturiko kutixiak dastatu ostean (argazkia Euskara.it)

PUBLIZITATEA

Erromako euskal komunitateak italiar hiriburuko biztanleak harritzen darrai, elkartearen marka diren proposamen koloretsu eta orijinalekin. Berriena "@roma basco-euskara" izeneko jaialdia izan da, asteburu honetan bertan bukatuko dela. Azaro hondarrean abiatu zen ekimenak euskal, italiar eta nazioarteko sortzaile, artista eta sukaldarien topagune bihurtu du Erroma, fusio zirraragarriak sortuz: pintxoak eta bertsolaritza, estatubatuar kantariak eta euskaraz kantatzen duten talde erromatarrak, bertsolariak eta italiar poetak... Larunbatean kontzertu eta itxiera jaiarekin bukatuko da jaialdia: taulagainean ariko dira Xabier Montoia poeta eta kantaria, Mursego txelista eibartarra, Ibon Rodriguez musikaria eta Banda Jorona talde erromatarra.

Erroma, Italia. Bihar bukatuko da Erroman Associazione Culturale Euskarak (ACE) eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak antolatu duten "@roma basco-euskara" jaialdia. Urtero egiten dute elkarte hauek euskal kultura erakusketa abenduan, baina astebeteko ekimen bezala jaio zena hiru asteko jaialdi bihurtu da jada.

Jaialdia azken txanpan sartuko da gaur, Baffo della Gioconda aretoan egingo den poesia eta musika ikuskizunarekin. "Intermezzi/Tarteak" izena du gaualdiak eta bertan ariko dira Xabier Montoia musikari eta idazlea, David Santoro poeta italiarra, Mursego kantari eta jotzaile eibartarra eta Ibon Rodriguez musikaria,  euskal eta italiar testuei musika jarriz. Bihar jaialdiaren itxiera jaian kontzertua emango dute Il Cantiere gunean Xabier Montoiak, Mursegok eta Ibon Rodriguezek, Banda Jorona talde erromatarrak lagunduta.

Bertsolariak eta poetak

Aste hauetan zehar jaialdiak arlo askotako artistak bildu ditu Erromara, eta hauen arteko lankidetzatik ekitaldi oso bereziak sortu dira. Horietako bat izan zen, adibidez, abenduaren 1ean Laurie Amat estatubatuarrak eta Ckoroma taldeak eman zuten kontzertua. Kaliforniarrak musika elektronikoarekin inprobisatzen du eta CKoroma euskaraz kantatzen duen talde euskal-italiarra da. Abenduaren 3an Myriam Aizager zuzendari hendaiarra izan zen Erroman, "Ni Nuzu, Mur(s)" dokumentala aurkezten.

Beste ekitaldi deigarri bat "Bertsolari/Poeti" mahai ingurua izan zen, abenduaren 9an. Bertan bapatekotasunari eta bertsolaritzari buruz hausnarketa egin zuten Jon Sarasua bertsolari eta soziolinguistak, Giampiero Giamogant poetak eta Serena Salvatori etnomusikologoak. Ondoren Asier Altunaren "Bertsolari" dokumentalaren emanaldia egin zen, italierazko azpitituluekin (ACEko bazkideek egin zuten itzulpen lanari esker).

"Bertsolari/Poeti" ekitaldiaren une bat:

Pintxo!

Iragan larunbatean, berriz, jaialdiak gastronomia eta poesia uztartu zituen, Dome Rock Cafè tabernan egin zen "Pintxo!" ekitaldiarekin. Asier Oyarzabal sukaldari donostiarrak pintxoak prestatu zituen, eta pintxo horiei buruz bertsoak jarri zituzten Donato De Acutis, Giampiero Giamogante, Matteo Mencattini eta Jon Sarasua euskaldunak (azken honek euskaraz, euskal erara, eta aurrekoek italiar tradizioari segika).

@roma pintxo!

[Pintxo aukera zabala, bertso eta ardo artean dastatzeko (argazkia Euskara.it)]

Informazio gehiago eta irudiak, Euskara.it Facebook taldean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia