Iragan asteburuan Montpellier Frantziako euskal komunitatearen bilgune bihurtu zen, bertan egin baitzen Frantziako euskal etxeen urteroko bilkura. Bileran Paue, Paris, Bordele, Marsella eta Montpellierko ordezkariak izan ziren, elkarteen kudeaketari buruzko esperientziak trukatzen. Biharamunean, gainera, Montpellierko Eskualdunak elkarteak bere Urteroko Festa ospatu zuen, eta bertara bildu ziren Frantziako beste ordezkariak, giro alaian. Jarraian, bilkura eta festaren argazki sorta.
Montpellier, Frantzia. Frantziako bost euskal etxeetako ordezkariek parte hartu zuten iragan larunbatean herrialde honetako euskal etxeen bilkuran. Parisetik, Maitane Larronde eta Maryse Laborde izan ziren; Paueko ordezkari, Frantxoa Challet, Bordeleko euskal etxetik, Anne Marie Pedoussau, Marseillatik, Fernando Zabalza, Isabelle Mendy eta Christelle Poquet, eta, amaitzeko, Montpellierretik Henri Saragueta, Francoise Nielloud, Lina Bardina eta Francky Etchegorry lehendakaria.
Bilerak hiru bat ordu irain zituen eta bertan ordezkari bakoitzak bere euskal etxearen funtzionamenduaren berri eman zuen. Ordezkariek lankidetzan aritzeko eta elkarteak sustatzeko aukerak aztertu zituzten. Horren ondotik, arratsalde goxoa iragan zuten denek euskal etxean eta 45 bat lagun bildu ziren bertan egin zen afarira. Solasean, kantuz eta dantzan aritu ziren denak, Jean Louis Bergara eta Beñat Chaubandedeguy musikarien doinuek alaiturik.
Euskal Festa
Igandean Montpellierko Eskualdunak-ek bere Euskal Festa ospatu zuen. Eguna meza elizkizun batekin hasi zen, aita Mounhok euskaraz zuzendua. Festan 150 bat lagun bildu ziren, denak zuri eta gorriz jantzita. Euskal Etxearen patioan hamaiketakoa egin zen eta mutxikoak dantzatuz, Bergara eta Chaubandedeguy musikariekin. Ondotik bazkaria egin zen eta bazkalostean kantuan aritu ziren, haurrak jolasean eta nagusiak musean.
Festan ezin izan ziren egon elkarteko bi buruzagi handi, Jacques Lesca eta Didier Gasnot, egun batzuk aitzin ospitalean sartu izan behar zuten eta. Festan oso gogoan izan zituzten euskal etxeko kideek, euren lana eskertuz eta lehenbailehen bueltatu daitezela desiatuz.