euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gipuzkoar Goierriko Idiazabal herrian jatorria duten 70 urteagatar lehenengoz bildu dira, Argentinako Maggiolo-n

2024/12/05

Bilduetako batzuk Urteaga familiaren lehenengo Topaketako argazki hau atera zuten Maggiolon
Bilduetako batzuk Urteaga familiaren lehenengo Topaketako argazki hau atera zuten Maggiolon

PUBLIZITATEA

Maggiolo, Santa Fe, Argentina. XVIII. mende hondarrean etorri ziren Argentinara Idiazabalgo Lardizabal Haundi baserritik Jose Martin Urteaga eta Prudencia Mendizabal senar-emazteak eta orain euren ondorengoetako 70 bat lehenengoz bildu dira Santa Fe Probintziako Maggiolo herrian, familiaren zati argentinar honek egiten duen aurreneko elkarretaratzean. Pare bat urte dira bilobetako bat, Lisandro ‘Lichi’ Urteaga, hasi zela bilkura antolatzen. Ez da, dioenez, batere erraza izan, sakabanatuta baitaude. Baina lanak fruituak eman eta azaroaren 24an lortu zuten biltzea, Maggiolon, izan ere bertako Sarmiento Klubaren "Paulino Urteaga" (Lichiren aitona) izena daraman kiroldegian.

Topaketan familiartekoek elkar ezagutu eta familiaren historian —tartean, zuhaitz genealogikoan— zeuden hainbat hutsune betetzeko aukera paregabea eman zien bertatatutakoei. Belaunaldiak bildu eta urteagatarrek elkarrekin euskal moldean bazkaldu eta Euskal Herria eta euskal kulturari buruzko informazioa partekatu zuten. Horretan ere nabaritu zen antolatzaileen lana, kiroldegiko hormak ikurrinekin, Euskal Herriko argazkiekin eta euskarazko kartelekin hornitu eta apaindu baitzituzten.

Bazkalostean, gainera, eta euskal giroa urrats bat areago nabarmentzeko Ramon Agirrezabal bertsolari bergararrak bertso batzuk eskaini zizkien bildutakoei.


Honako erakusketatxo edo laginekin apaindu zuten bazkarirako 'Paulino Urteaga' kiroldegia


Antton Altolagirre ere lagun, denen artean arbasoen historia osatzen hasi dira Urtegatarrak

Idiazabal eta idiazabaldarrak ezagutuz

Urteaga familiako gehienek badure grosso modo euren jatorriaren berri, baina xehetasun handirik gabe. Gehienak ez dira sekula izanak bertan eta ez dituzte euren iturburuko herria eta baserria ezagutzen. Oroi dezagun, bestalde, badela Argentinan, Cordoba probintzian, Idiazabal izeneko herria, 1909an Demetrio Jaureguialzo idiazabaldarrak sortua, jaioterria gogoan (2000tik senidetuta daude bi Idiazabalak). Urteagatar bilerakoek izan zuten, ordea, Euskal Herriko Idiazabal 'nolabait' bisitatzeko aukera, baita familiaren sortetxea ere, irudi eta bideo bidez.

Izan ere Idiazabal euskaldunetik Jexux Urteagaren familiak bat egin zuen eurekin —familia urruna dute— bideo bat medio, eta agurrak bidaltzearekin batera hainbat azaltzen eta jakingai azaldu zizkien bere lehengusu argentinarrei.

Jose Martin eta Prudencia

Jose Martin Urteaga eta Prudencia Mendizabal senar-emazteak XVIII. amaieran iritsi ziren Argentinara. Jose Martin Idiazabalgo Lardizabal Haundi baserrikoa zen eta emaztea, Legorretakoa. Argentinan 16 seme-alaba izan zituzten eta hori baino askoz gehiago ez dakite beren ondorengoek. Bere sustraiak ezagutzearren ikertzen hasi zenean, galdera asko eta erantzun gutxi aurkitu zituen Lichik. Erantzunak euskal Idiazabalen bertan. Argentinako Urteagatarrek ez dute gaur egun familia zuzenik Euskal Herrian. Baina bai lehengusu txikiak eta Idiazabalekin kontaktuan jarraitzeko laguntzen dieten hainbat lagun.

Topaketan ere parte hartu zuen Antton Altolagirre kasu. Aspaldi Argentinan bizi den Idiazabaldar hau erreferentziatzat ere badute, lekukotasun zuzena ematen baitie, tartean Euskal Herriko eta Idiazabalgo kultura, hizkuntza, izaera, ohitura, historia eta emigrazioaren berri. Batera edo bestera, gogoa badute daukaten ezagutzan urrats berriak emateko eta dituzten loturak handitzeko. Bilerara ere bildu zen Roman 'El Vasco' Agirrezabal osintxuarra (Bergara), hogei urte pasexeak daramatzana Argentina barneko landagunean bizitzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia