euskal diaspora eta kultura
2012/07/06
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza batek Uruguaira abiatuko da igandean, Gipuzkoako hogei bat enpresa txiki eta ertainek herrialde honetan izan ditzaketen negozio aukerak sustatzeko helburuarekin. Bidaiaren buru izango dira Martin Garitano diputatu nagusia eta Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatua eta Oscar Usetxi Berrikuntzaren eta jakibtzaren Sustapenerako zuzendari nagusia.
Bost eguneko bidaia honetan gipuzkoar ordezkaritzak kontaktuak egingo ditu Uruguaiko "estatuko enpresa nagusiekin (ANCAP petrolio-enpresa, UTE elektrizitate-enpresa eta AFE trenbide-enpresa), bertako enpresariekin eta herrialdeko agintari nagusiekin", Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez.
FIVUrekin bilera
Kontaktu horiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza Uruguaiko euskal komunitatearekin ere bilduko da. Topaketa ziurrenik asteazkean izango da, Montevideon, eta euskal-uruguaiarren aldetik bertan izango dira Miguel Asqueta, FIVU euskal etxeen federazioko presidentea, eta FIVUko eta euskal etxeetako beste zenbait ordezkari.
Jon Peli Uriguen Berrikuntza Diputatuak agertu duenez, "euskaldunek izen ona dute herriade honetan; gizatalde handia dira eta Uruguairen ekonomiari ekarpen handia egin zioten". Uriguenek bidaia egin zuen berriki Uruguaira, igandean abiatuko den misioa prestatzeko.
Herrialde oparoa
Uriguenek azaldu duenez, Uruguai “Latinamerikako herrialderik oparoena da, 2011an ekonomia %6a hasi zen eta %4,4ko aurreikuspena du aurten. Horrez gain, Brasil eta Argentina bezalako merkatu garrantzitsuetara heltzeko abiapuntu bikaina da".
Uruguaiek du MERCOSUR-eko idazkaritza (220 milioi biztanleko merkatua osatzen dute erakunde honetako herrialdeek) eta energia berriztagarrietan gehien inbertitzen duen bigarren herrialde latinamerikarra da. Egun Jose Mugica presidentearen gobernua inbertsio handiak egiten ari da sare elektrikoan, parke eolikoak sustatzen eta errepide eta trenbide sareak hobetzen. Horrez gain, Uruguai potentzia da software eta nekazaritza eta abeltzantza sektoreetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus