euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat Txilen da lan harremanak eta lurraldeen arteko lankidetza sustatzen

2016/04/15

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza Txileko Euskadiko Ordezkaritzan (argazkia Gipuzkoa Foru Aldundia)
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza Txileko Euskadiko Ordezkaritzan (argazkia Gipuzkoa Foru Aldundia)

PUBLIZITATEA

Gaur amaituko da Valparaison Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza batek Txilera egin duen bost eguneko bidaia. Astean zehar gipuzkoar ordezkariak Santiago eta Valparaisoko hainbat agintari, enpresari eta kultur eragileekin bildu dira, bi lurraldeen arteko lankidetza eta lan aukerak sustatzeko helburuarekin. Aldundiko ordezkaritzaren buru izan dira Iker Goiria, Kanpo Harremanetarako zuzendaria, eta Daniel Arbulu, arlo bereko teknikaria.

Valparaiso, Txile. Aste honetan Txilen izan den Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritzak gaur amaituko du bidaia, Valparaison egingo dituen hainbat bilera eta topaketekin. Garuko eguneko agenda Valparaisoko Kultur Parkera bisita batekin hasiko da, eta ondoren, Iker Goiria Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Daniel Arbulu teknikaria Universidad Técnica Federico Santa María unibertsitateko arduradunekin bilduko dira.

Hitzordu honekin amaituko da Goiriak eta Arbuluk Txilera egin duten bost eguneko bidaia, herrialde honen eta Gipuzkoaren arteko harremana sustatzeko helburuarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze estrategian leku nabarmena du Txilek, industria, gizarte zein kultur arloan aukera asko eskaintzen dituen herrialdea delako.

Bidaian Txileko Euskadiko Ordezkaritzaren lankidetza izan dute gipuzkoarrek eta Rafael Kutz Euskadiko ordezkariak zenbairt bileratan parte hartu du haiekin batera. Bidaiaren lehen partea Santiagon izan da, eta bigarrena Valparaison. Aipatu beharra dago Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat hitzarmen dituela indarrean Valparaisorekin, iaz bertako ordezkaritza bat Donostian izan zenean sinatu zirenak.

Jarduerak

Bidaia iragan astelehenean hasi zen Santiagon, Euskadiko ordezkari Rafael Kutz eta Txileko SPRIren arduradun Alberto Fernándezekin bilduta. Horrez gain, Gipuzkoako ordezkariak Fundación Empresarial EuroChile erakundeko arduradunekin bildu ziren. Gauean, ordezkaritza Santiagoko euskal gizataldeko kideekin bildu zen, Euzko Etxean egin zen afarian.

Asteartean, Goiria eta Arbulu Txilen ezarri diren euskal enpresekin bildu ziren eta ondoren, bilerak egin zituzten hainbat erakunde eta eragilerekin: Santiagoko Gobernu Erregional Metropolitarreko ordezkariekin, Técnicos para Chile beka egitasmoko arduradunekin eta Agencia de Promoción de Inversiones Extranjeras erakundearekin.

Asteazkenean Valparaisora jauzi egin zuen gipuzkoar ordezkaritzak eta bertan harrera egin zien Gabriel Aldoney, Valparaiso erregioko Intendenteak, bi lurraldeen arteko hitzarmenak aztertu eta lantzeko. Arratsaldean, Universidad Católica de Valparaíson izan ziren euskal ordezkariak.

Atzo, Goiria eta Arbulu Valparaisoko alkatearekin, Jorge Castrorekin  bildu ziren eta gauean Txileko Eraikuntza Ganbarak eskainitako afarian parte hartu zuten.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia