euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gipuzkoako Artzain Egunak AEBetan ibilitako Iñaxio Arrieta eta Isabel Salutregi omendu zituen Legazpin

2011/09/06

Iñaxio Arrieta 'Jaio', Maria Isabel Salutregi emaztearekin (argazkia Artzain Eguna)
Iñaxio Arrieta 'Jaio', Maria Isabel Salutregi emaztearekin (argazkia Artzain Eguna)

PUBLIZITATEA

Datorren larunbatean Artzain Amerikanoen Festa Eugi-Zubirin, eta joan den igandean Gipuzkoako Artzain Eguna egin da Legazpin. Azkeneko urteotan ohitura bihurtu den gisan, Legazpin omendutako artzainen artean Ipar Ameriketan ibilitakorik ere egon zen: aurten Gernikatik heldurik, Iñaxio Arrieta 'Jaio' eta bere emazte Maria Isabel Salutregi. Idaho aldean ibili eta ondoren itzuli bazen ere, Iñaxiok baditu oraindik senideak Idahon. Honako artikulua Artzain Eguneko liburuskan izan da argitara emana, Ameriketako euskal istorioak.

Legazpi, Gipuzkoa. Inaxio Arrieta, “Jaio”, da atal honetako aurtengo Gipuzkoako Artzain Eguneko protagonista. Hogeitahiru bete berri zituela Ameriketako bidea hartu zuen anai zaharraren urratsak jarraituz. Amerikano familia dela esan daiteke, hiru anaietatik hirurak izan baitira Ipar Ameriketan artzain lanetan eta gaur egun oraindik beste bi anaiak han dira.

Soldaduska amaitu ondoren etxera itzuli zen baina anai zaharrenarengana Ameriketara joateko asmoarekin. Bitartean, Deban harrijasoitzaile txapelketa irabazi zuen eta beste lanpostu eskaintzak izan arren, Boisetik 40 kilometrotara dagoen Emmet hirira joateko asmoarekin jarraitu zuen. Handik urte batzuetara gurasoak bakarrik geratu ziren baserrian etxeko hiru semek Ameriketara joanak baitziren. Urte zailak izan ziren familiarentzat. Gurasoak bakarrik baserrian eta hiru senideak Ipar Ameriketan lanean. Jaiok zortzi urte egin ondoren etxera itzultzea erabaki zuen, bertan horrenbeste denbora zain izan zuen andregaiarekin ezkondu eta familia osatuz.

1965ko abenduan joan zen eta 6 urtez artzaintzan aritu zen. Jaiok kontatzen digun bezala, ingelesez hitz egiten ez zutenez txartel bat jartzen zieten nongoak ziren adierazteko eta nora joan behar ziren. Chicagoko aireportuan zirelarik aireportuko langile batek “beee beee” eginez egin zien harrera.

Iritsi zeneko hotza ahaztu ezinekoa du. Bertara iritsi eta lehenengo gauza behar zituzten gauza guztiak erosi behar izaten zituzten: lo egiteko denda, arropak, botak, denda, etab. Lan gogorra zen, batik bat hasieran, ezagutzen zuten artzantza guztiz ezberdina zelako. Artaldeak handiak ziren eta bi artzainen artean 1.100 ardi eta 1.100 arkumeko bandak kudeatzen zituzten. Guztira 12 banda ziren, hau da 12.000 ardi. Urtarrilean hasten ziren erditzeak eta hor izaten zen lan estresanteena, batik bat gauetan. Urte batez Jaiok lehengusu batekin lan egin zuen. Gustuko lana ez zenez eta gauak partekatu egin ohi zituzten arren, lehengusua ez zen kontent eta sarri esaten ohi zion ea kastigatuta ote zegoen...

Apiriletik Maiatzera arte Boiseko desertuan ibili ohi ziren. Desertura joateko bidaia kamioiez egiten zuten. Ondoren erreserbara, mendira, pasatzen ziren eta handik arrantxora berriz oinez jaisten ziren, hotza egiten hasten zenean eta lehenengo elurteak hasi aurretik. Horrela kontatu digu gau batez elurra egiten hasi eta goizean jaiki zirenean belaunerainoko elurra zegoela. Lankidea zaldiak askatzera joan zenean dendara itzuli zen bere lana amaitu gabe egiten zuen hotza jasan ezina zelarik eta Jaiori horrela esan zion: “Iberia hemen eukiko banu bakarrik hemen geratuko hintzake...”

Behin eta artaldeak menditik jaisten hasten zirenean artzain gutxiago geratzen zen mendian. Mendiko baldintza gogorrak utzi eta arrantxora jaisteko desiratzen egoten zen arren, anaia maiordomoa izateak ez zuen lagundu. Urte guztia mendian pasatzen zuen Jaiok, anaia zaharrak ez zuelako nahi beste langileek pentsa zezaten haren alde egiten zuenik besteak alde batera utzita. Hona hemen anaia nagusia maiordomoa izatearen desabantaila bat...

Ipar Ameriketan artzain izan direnak esan ohi dute handik ez dela inor etorri negarrik egin gabe ardiren bat galdu duelako, artaldearekin pasatu gabe geratu delako, ekaitz batek harrapatu dituelako... Jaiok ondo oroitzen ditu mendian gora bizitutako ekaitzak. Pinu handiko punta guztiak zartatuta egoten ziren tximistek jota. Basa animaliei buruz galdetzen diogunean hartzak harrapatzeko sistema bat zutela esaten digu eta bat ehizatu ondoren belarriak moztu, ugazabari erakutsi eta 10$ irabazteko aukera izaten zuten. Kaskabel sugeak ere kezka handia sortzen zuten gure artzainen artean. Sugeren soinu berezia entzun ezkero hura harrapatu arte ez ziren gelditzen eta lo egiteko dendarik ere ez zuten jartzen.

Baina dena ez zen triste eta gogorra, momentu onak bazituzten elkarrekin egoteko, lagunak topatzeko edo lagun berriak egiteko. Urtero, negu partean, artzainak arrantxoetan zeuden garaia aprobetxatuz, “Basque Dance” antolatzen zuten. Bertan 2.000 lagun inguru elkartzen ziren eta euskal erromeria baten gisa antolatzen zuten eliza katolikoak lagunduta. Hau ez zen antolatzen zen ekitaldi bakarra eta horrela “Basque dinner” eta “Basque picnic” ere ospatzen zituzten.

Aberasgarria da artzain amerikano hauen kontakizunak entzutea, oraindik ere elkarrekin hitz egiten hasten direnean bata besteari galdezka hasten dira “eta zure bildotsak zenbat libra egiten zuten?”... Inork ez du besteek baino bildots argalagoak izan nahi...

(Legazpiko Gipuzkoako Artzain Eguneko liburuskatik)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia