euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertako bost ikasle medio, euskara partaide BSUko Graduatuaurreko Ikerketa Beka Konferentzian, Boisen

2009/04/27

Goitik ezkerretik hasita, Chris Etcheberry, Itxaso Cayero, Jon Criswell, Cody Beaudreau, Chris Bieter eta Jose Luis Egiluz; beheko lerroan, makurtuta, John Cortabitarte, Nere Lete, Megan Otteman, Xole Flores-Uranga, Josu Zubizarreta eta Alberto Santana.
Goitik ezkerretik hasita, Chris Etcheberry, Itxaso Cayero, Jon Criswell, Cody Beaudreau, Chris Bieter eta Jose Luis Egiluz; beheko lerroan, makurtuta, John Cortabitarte, Nere Lete, Megan Otteman, Xole Flores-Uranga, Josu Zubizarreta eta Alberto Santana.

PUBLIZITATEA

Euskara, lehenengo aldiz eta gure hizkuntza ikasten ari diren bost ikasleren bidez, partaide izan da Idahoko 'Boise State University'k (BSU) antolatutako 'Undergratuate Research and Scholarship' (Graduatuazpiko Ikerketa eta Beka) Konferentzian, joan den apirilaren 20an. Bertako Hizkuntza Saileko ikasleak bete-betean partaide, euskaraz gain, frantsesez, gazteleraz, alemanez, txineraz eta japonieraz aritu dira bertaratutakoak. Cody, Jon, John, Itxaso eta Chris dira bost euskara ikasle estatubatuar hauen izenak, eta Nere Lete --duela hogeita bost urtetik gora AEBetan bizi den filologo errenteriarra-- euren irakaslea BSUn.

Boise, Estatu Batuak. Nere Lete irakasleak horrelakorik gertatzen den lehen aldia dela dio. "Azken lau urteotan Boise State Unibertsitatean egin den lanaren emaitza da. Ikasle hauek benetan ausartak dira eta euskara ikasteko duten irrika begi bistan da".

Honela azaltzen du Nerek berarekin Unibertsitatean ikasle dituen bost ikasle hauen soslariak: "Cody eta Jon lehen urteko euskara ikasleak dira. Cody hizkuntzak ikastea gustukoa duen ikasle amerikarra da. Jonen kasuan, berriz, ama euskalduna du, Natxituakoa, eta bera Nevadakoa da. John Cortabitarteri dagokionez, Unibertsitatean eskaintzen ditugun oinarrizko hizkuntza klaseak amaitu ditu. Iaz Maizpiden bi asteko egonaldia egin zuen, eta orain euskal kulturari buruzko eskolako ikasle da".

Chris-en kasuan, Boisen jaioa da baina Euskal Herrian egindako egonaldietan ikasi zuen euskaraz. Gaur egun etxean euskaraz hitz egiten du Euskal Herrikoa duen emaztearekin [Nere Lete irakaslea bera] eta seme-alabekin. Ostegunero bere epaile lanak eguerdian alde batetara utzi eta Euskal Kultura klasera joaten da unibertsitatera.

"Itxaso Boisen jaio bazen ere, Euskal Herrian hazia da eta orain hemen ari da bere ikasketak burutzen". Nere Lete irakaslearen esanetan, "ikasle sorta honek ezin hobe erakusten du Diasporan bizi dugun aniztasuna. Boise State Unibertsitateko mintegian eskolak ingelesez eta gazteleraz irakatsi izan ditugu. Euskara eskolak ematen ditugu eta aurten lehen aldiz Euskal Kulturari buruzko klasea euskaraz irakatsi dugu, aurrera goazenaren seinale".

Boiseko BSU Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakaslea pozik da bertan egiten ari diren bidearekin eta emandako urrats berriarekin. "Ez dut uste euskal mintegian lanean ari garen irakasleok saritzeko modu hobea dagoenik!", adierazi dio Nere Letek EuskalKultura.com-i.

Lotura interesgarriak

Basque Studies, Boise State University (BSU)
http://basquestudies.boisestate.edu

Cenarrusa Foundation for Basque Culture, Boise, ID
www.cenarrusa.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia