euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Getarian egingo den burujabetzaren inguruko galdeketan Diasporako bi kidek hartuko dute parte ikuskari

2017/05/03

Galdeketa bultzatzeko afixa
Galdeketa bultzatzeko afixa

PUBLIZITATEA

Gure Esku Dago dinamikak bultzatuta, burujabetzaren inguruko galdeketak egiten ari dira Euskal Herriko herrietan. Herri bakoitzeko taldeek antolatzen dituzte eta parte hartu ahal izateko herrian erroldatua egon beharra dago. Diasporako kideek, beraz, ezin dute bozkatu tokian erroldatuta ez daudelako. Getariako galdeketaren antolatzaile den Brankan taldeak, ordea, aukera eman nahi izan dio Diasporari parte hartzeko eta Euskal Herrian bizi diren argentinar bat eta kanadiar bat gonbidatu ditu ikuskari aritzeko.

Getaria, Gipuzkoa. Euskal Herriko 90 herritan bururatu dira orain arte burujabetzaren inguruko galdeketak, Gure Esku Dago dinamika sustatatzaile. Datorren igandean, maiatzaren 7an, izango dira hurrengoak, Euskal Herriko 51 herritan, eta urtea amaitzen denerako milioi bat euskal herritarrek izana izango dute bozkatzeko aukera.

Galdeketak herri bakoitzeko taldeek antolatzen dituzte eta bertan parte hartu ahal izateko 16 urteak beteak izan behar dira eta dagokion herrian erroldatua egon beharra dago. Baldintza hauekin, Diasporako kideek ezin dute bozkatu toki mailan Euskal Herriko herrietan erroldatuta ez daudelako. Gipuzkoako Getariako galdeketa antolatzen ari den Brankan taldeak, ordea, parte hartzeko aukera eman nahi izan die, bozkatu ezin dutenez, ikuskari bezala.

Brankan taldetik argitzen digutenez, “ikuskarien lana galdeketa prozesua zuzen burutzen dela ziurtatzea da. Diasporako bi ikuskari izango ditugu Getarian, Hego Amerikakoa bata eta Ipar Amerikako diasporakoa bestea. Leandro Bello argentinarra izango da Hego Amerikako diasporaren ordezkaria eta Nicolas Bernier-Deslauriers quebectarra, Ipar Amerikakoa”.

“Leandro Buenos Aireskoa da eta aitaren arbasoak bizkaitarrak zeuzkan. Buenos Airesko Euskaltzaleak-en euskara ikasi zuen eta irakasle izatera ere iritsi zen. 2007ko Gaztemundu programan ere parte hartu zuen. Duela 9 urte Bilbon bizi da eta HABEren 2. perfil linguistikoa du. Nicolasen kasuan, Montrealeko Euskaldunak-en hasi zen euskara ikasten eta hizkuntza ikasi ondoren Euskal Herrira etorri zen bizitzera. Hainbat urte egin ditu joan-etorrian eta gaur egun Gasteizen bizi da. Gasteizko Hizkuntz Eskola Ofizialeko frantses irakaslea da”.

Maiatzaren 7ko galdeketan 247.258 herritarrek izango dute botoa emateko aukera; emaitzak egunkarietan eta baita Gure Esku Dago-ren webgunean egongo dira ikusgai.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia