euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gervasio di Cesare: "Txileko zazpi presidentek Lazarraga familia daukate arbasoen artean"

2013/02/01

Gervasio di Cesare genealogista (erdian) Valparaisoko Eusko Etxean, hitzaldia entzutera joan zen Isidro Lazarragaren familiarekin (argazkia RubilaAraya)
Gervasio di Cesare genealogista (erdian) Valparaisoko Eusko Etxean, hitzaldia entzutera joan zen Isidro Lazarragaren familiarekin (argazkia RubilaAraya)

PUBLIZITATEA

Gervasio di Cesare genealogista euskal-argentinarra Valparaisoko Eusko Etxean izan da, genealogiari buruzko hitzaldi bat emateko. Hitzorduak jakinmin handia piztu zuen, izan ere, Txilen oihartzun zabala izan baitu Di Cesareren azken ikerketak. Lazarraga abizenaren genealogia ikertuz Txileko zazpi presidente Arabako jauntxo familia honen ondorengoak direla erakutsi du Di Cesarek.

Valparaiso, Txile. Gervasio di Cesare genealogista argentinarra euskal jatorriduna da eta Arabako arbasoen historia ikertzen hasi zenean egin zuen topo Lazarraga familiarekin. Arabako jauntxo hauen berri behin eta berriz aurkitzen zuen; hori dela eta familiaren genealogia osatzea erabaki zuen. Genealogia horrek adar asko ditu eta horietako bat Txileraino heltzen da: Di Cesarek erakutsi du Txileko zazpi presidente sendi honetako ondorengoak izan direla.

Gaiak sortu duen interesa dela eta Valparaisoko Eusko Etxeak hitzaldia emateko gonbitea egin zion ikertzaileari eta entzule asko bildu ziren ekitaldira, Rubila Araya kazetari eta euskal etxeko kideak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Hitzaldiak bi atal izan zituen: "Txileko zazpi presidenteren Lazarraga jatorria" eta "Genealogia ikerketak Euskal Herrian, familiaren historiaren berreraikuntza".

Zazpi presidente

Lehen atalean Di Cesarek azaldu zuen Lazarragatarren ondorengoak direla Emiliano Figueroa, Federico Errazuriz Zañartu, Federico Errazuriz Echaurren, German Riesco, Arturo Alessandri eta Sebastian Piñera Echenique Txileko presidenteak. Bigarrenean, Euskal Herrian arbasoen genealogia osatzeko pausoak azaldu zituen, interneten eta Euskadiko artxiboen informazioa biltzeko aholkuak emanez.

Lazarraga familia Arabako leinu garrantzitsuenetakoa izan zen, eta 2004ean oihartzun handia izan zuen komunikabideetan Lazarraga eskuizkribua delakoa aurkitu zenean. Juan Perez de Larrazagak 1564 eta 1567 urteen artean idatzi zuen eleberritxo bat da izkribua, eta horri esker ikerlariek jakin ahal izan dute euskal literatura uste baino goiztiarragoa izan zela, eta Europako literatur korronteekin harremanetan zegoela. Idazkia Arabako euskaran idatziriko testu zaharrena da, eta bertan aipatzen da lehendabizikoz idatzita Euskal Herria hitza.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia