euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gerra Zibilean erbesteratutako euskal haurrek omenaldiz osatutako astea bizi zuten gudaren 71. urteurrenean

2008/06/16

Dantzari batek erbesteratutako euskal haurrei aurreskua dantzatu zien Santurtziko portuan egindako lore eskaintzan (argazkia EiTB)
Dantzari batek erbesteratutako euskal haurrei aurreskua dantzatu zien Santurtziko portuan egindako lore eskaintzan (argazkia EiTB)

PUBLIZITATEA

Gerra Zibila piztu zenean 1936. urtean, Euskal Herriko milaka haurrek erbestera ihesi egin behar izan zuten, euren gurasoengandik aldenduz. Horietako batzuk etxera itzuli ziren guda amaitu ostean, baina beste askok urteak pasa dituzte atzerrian familiatik urrun. Haur hauei guztiei omenaldia egiteko oroimenezko zenbait jarduera egin dira iragan astean: erbesteratutako umeen eskutitz eta marrazkien erakusketa, Santurtziko portuan egindako lore eskaintza eta Bilboko Euskalduna Jauregian burututako ekitaldiak omenaldizko astea biribildu zuten. Bertan, 500 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten eta gerrako zenbait haurrek euren testigantzak eskaini dituzte.

Bilbo, Bizkaia. Euskalduna Jauregian egindako ekitaldiak Gerra Zibila zela-eta atzerrira erbesteratu behar izan zuten milaka euskal haurrei eskainitako omenaldi-programari amaiera eman zion atzo. Jardunaldian 500 pertsona baino gehiagok eta erbesteratutako 70 pertsonak parte hartu zuten. Jabier Muguruza musikariak, Andoni Egaña bertsolariak eta Kabigorri Abesbatzak emanaldiak eskaini zituzten.

Idi Ezkerra Elkarteak antolatutako ekitaldian erbesteratutako pertsonen testigantzak azaltzen zituen hamar minutuko dokumentala eskaini zen. Bildutakoek 'gertaera hau berriro ere gerta ez dadin' azpimarratu zuten. Era berean, biktimek euren haurtzaroan bizitako esperientzia 'etsaiari ere' ez diotela desiratzen aitortu zuten.

Haurren testigantzak

Ekitaldian parte hartutako gerlako haurrek 'inoiz ez ahaztea, berriro ere gerta ez dadin' eskatu zieten Euskalduna Jauregian bildutako pertsonei. Herminio Martinez atzerrira atera behar izan zuen haurrak kontatu zuenez, erbestean zenbait hamarkada igaro ostean, frantziar muga pasa nahi zuenean 'erbesteratu politikoa' izateagatik bidea itxi zioten. Era berean: 'zer nolako ideia politikoak eduki ditzake ni bezala zazpi urterekin atzerrira atera behar izan zuen haur batek?', azpimarratu zuen.

 

Omendutako beste bik, Lucia Michelena eta Agustina Perez-ek, adierazi zuten Euskal Herria utzi behar zutela ikustean euren bizitza aldatuko zela somatu zutela. 'Bainuetxe batean hiru hilabete egotera gindoazela esan ziguten', aipatu zuen bietako batek. Hala ere, ororen buru, atzerrian harrera egin zieten familiei eskerrak eman zizkieten 'euren maitasuna eta askatasuna' eskaintzeagatik eta 'euren seme-alabak bailiren' hartu zituztelako.

Haurren eskutitzen eta marrazkien erakusketa

Gudako haurren omenaldi-programaren barnean, Euskal Herritik joandako 5 eta 13 urte bitarteko 33.000 umeetako batzuk idatzitako eskutitzak eta marrazkiak biltzen dituen Bizitza oso bat haur izaten-Toda una vida siendo niños erakusketa aipa daiteke. Honez gain, kultur jarduerak argazkiak, dokumentuak eta gune informatiboak ditu eta irailaren 15a bitartean egongo da erakusgai Bilboko Itsas Museoan. Bestalde, Errusia, Mexiko, Frantzia, Belgika eta Ingalaterratik iritsitako 70 errefuxiatuek lore eskaintza batean parte hartu zuten Santurtziko portuan 1936an euren familiak agurtu zituzteneko egun gogor hori gogoraraziz. Astean zehar beste zenbait ekitaldi burutu ziren: zine emanaldia eta mahai ingurua haur euskaldun horien testigantzak oinarri hartuta.

Lotura interesgarriak

 

Idi Ezkerra Elkartea
www.ediezkerra.org

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia