euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Geroztik' museo birtualak gipuzkoar ondarea sarean ezagutzeko aukera ematen du, joko eta proba bidez

2011/06/23

Gipuzkoa Geroztik museo birtualak jostatuz ikasteko hainbat baliabide eskaintzen ditu
Gipuzkoa Geroztik museo birtualak jostatuz ikasteko hainbat baliabide eskaintzen ditu

PUBLIZITATEA

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskal museo berri bat ireki du, sarean bakarrik aurki daitekeen museo zinez berezia. 'Gipuzkoa Geroztik' du izena eta 2.0 ekimenaren baitan sortua da. Museo honetako bisitari birtualek xaguari klik eginez ikusmira dezakete zentroa, bakoitzak nahi duen atala arakatuz eta edukiekin jolastuz. Erabilera interaktiboa sustatzen du museoak eta erabiltzaileek bertan erakutsiko diren altxorrak aukera ditzateke. Haurrek ere badute zer eginik, joko eta aproben bitartez Gipuzkoako ondarea ezagutzeko parada dute eta.

Donostia-San Sebastián. Sarean da Gipuzkoa Geroztik museoa, herrialde honetako ondarea eta historia ezagutzera emateko Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak sortu duen tresna berria. Webguneak 60 ikus-entzunezkorekin, 300 irudirekin eta 50 jokoren bidez historian barrena bidaia ederra egiteko parada ematen dio bisitariari. Horrez gain, herritarren parte hartzea sustatuz, bisitariek museoan erakutsiko diren altxorrak (birtualak) aukeratzeko beta ere izango dute.

Webguneak jostatuz ikasteko bidea ematen du eta, Miren Vives proiektuaren zuzendariak aurkezpenean azaldu zuenez, museoa ezagutzeko erarik onena bertan sartu eta jolasten hastea da. Bidea erraza da oso. EuskalKultura.com-etik ere horixe proposatzen dizuegu; dena den, jarraian, nahi duenarentzat, museoaren edukiak laburbildu ditugu.

Iragana eta oraina

Webguneak lau hizkuntzatan nabigatzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Lehendabiziko atalak 'Iraganari Begira' izena du eta bertan Gipuzkoako historia eta ondarea ezagutzeko hiru aukera daude: kronologikoki, gaika, edo Gipuzkoako altxorrak ezagutuz. Azken atal honetan erabiltzaileek gustukoen duten altxorra edo pieza aukera dezakete, gainera.

Hurrengo atalak 'Egungo Begiradak' izena du eta bertan aldi baterako erakusketak biltzen dira. Une honetan 'Museoak: Nor-Nori-Nork' izeneko erakusketak museoei buruzko hainbat hausnarketa proposatzen ditu.

Jostatuz ikasi

Ondoren, 'Jostatu eta Ikasi' atalak haurrentzako --eta olgetan egiteko gogoa duten nagusientzako-- zenbait baliabide eskaintzen ditu. 'Jolasak' azpiatalean Museotik irteteko bidea aurkitu beharko du erabiltzaileak, edo Hondarribiako setioa biziko, edo itsasoan barrena Gipuzkoako itsasgizon handiekin nabigatu ahalko du. 'Ipuinak' azpiatalak zenbait narrazio eta kondaira entzuteko aukera ematen du, eta, azkenik, 'Probak' sailean erabiltzaileak zuzen erantzun beharko die zenbait galderei.

Jarraian, 'Zure Istorioak' atalean erabiltzaileek herriko kondairak azal ditzakete, edukiak gehitu edo foro eta blogetan iritzia eman. Esan bezala, museoak erabiltzaileen ekarpena baliatuko du bere fondoak aberasteko. Honekin guztiakin nahiko ez duenak, edo jakinmina piztu zaiolako gairen batean sakondu nahi duenak, 'Gehiago Jakiteko' atalean aurkituko ditu iturri eta baliabideak.

-Gipuzkoa Geroztik Museo Birtuala, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia