euskal diaspora eta kultura
2011/09/22
PUBLIZITATEA
Cordoba, Argentina. Irailaren hasierarekin batera, Gerora Xake Taldeak bere debuta egin zuen Xake Liga Nazionaleko txapelketan. Lehiaketa Cordobako Udaleko Gral. Bustos Klubean gauzatu zen eta probintziako hamabi herritako taldeek hartu zuten parte Buenos Airesen egingo den finalean leku bat eskuratzeko asmoarekin.
“Esperientzia berri berria da guretzat eta helburua hori bera da, eskarmentua lortzea”, adierazi digute taldeko kide diren Carlos Alfredo Barrionuevo (1. taula), Franco Seghesso (2. taula), Gaspar Jaurena (3. taula), eta Arantza de Vadillok (ordezkoa). Zegozkien aurkakoekin neurtu ondoren, zaleen kategoriako bigarren postua eskuratu zuten euskal argentinarrek.
Laguntzeko eta Akelarre
Irailaren 4an bisita berezi bat egin zuten Gerora Elkarteko kideek. Helburua: REMAReko -- baztertuak bergaitzeko xedea duen Gobernuz Kanpoko Erakundea -- aterpetxeko ume eta neska-mutilekin eguna pasatzea. Txotx Dantza taldeko gazteek dibertimenduzko ekintzak antolatu zituzten etxean bizi diren lagunekin eta dantza ere egin zuten. Bisita bururatzeko, gonbidatu eta etxekoek kalejira bat osatu zuten. Helburu solidarioaren osagarri, Gerora-koek umeentzako kotxea utzi zioten GKEari dohaintzan.
[Txotx taldeko dantzariak REMAReko aterpetxean (argazkia EE)]
Urteko egitarauarekin jarraituz, joan den irailaren 15ean euskal literatura eta musika bildu ziren Cordobako 2011ko Liburu Azokan, elkarte cordobatarreko kideek prestatutako ikuskizunean. “Ipuinen Akelarrean”, eta FEVAren izenean, Gabriela Mendiak ipuin batzuk irakurri zituen Baietz-en musika eta Txotx-en dantzek lagunduta. “Hunkigarria izan da momentua. Isiltasuna gailentzen zen Cordobako Jesuiten Kriptan. Hitzek eta soinuek benetako une magikoa sortu zuten eta jendeari izugarri gustatu zitzaion”, adierazi dio Elba Mocoroak euskara irakasleak EuskalKultura.com-i.
[Gabriela Mendiak, Baietz-ek eta Txotx taldeak Akelarre baten giroa eraman zuten Cordobara (argazkia EE)]
Negua agurtzeko afaria
Negua badoa Hegoamerikako lurretatik eta berarekin batera egun laburrak eta tenperatura baxuak. Hala ere, oraindik ere hotz sakona egiten du gauez eta beharrezkoa egiten zaigu sutondoan egon eta plater bero beroa jatea. Hori dela eta Gerorako Sutondo Sukaldaritza Taldeak neguko azken menua prestatu du joan den larunbatean. Uspallata kaleko egoitzan, mahai ondoan eseri ziren lagunek, Aralar inguruko zaporeak dastatu ahal izan zituzten, hala nola gazta eta txistor zizka-mizkak, Artzain zopak, Mondejua eta Mamia. Kantak eta ipuinak ere izan ziren neguko azkenetako gaua izan zen honetako protagonista.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus