Cosquin, Argentina. Cordoba probintziako Cosquin herria izan du gertaleku joan den asteburuan, irailaren 14 eta 15ean, FEVAk antolatutako 'Jarduneko Musikarien 2. Topaketa'k. Hamasei musikarik hartu zuten parte deialdian, tartean Bahia Blanca, Cordoba (Gerora), Buenos Aires (Laurak Bat), Mar del Plata, Necochea, San Nicolas eta Villa Mariako euskal etxeetako ordezkariek. FEVArekin batera, Gerora Elkartea eta Cordobako Baietz musika taldea –Topaketarako propio bilduta– izan ziren bertako anfitrioiak. Eta aurreko Topaketan bezala, honako tresna hauetan trebatu ziren musikariak: txistua, danbolina, panderoa, alboka, trikitixa, eskusoinua, silbotea eta xirula.
Gerora Elkarteko eta FEVAko ordezkari den Elba Mocoroak EuskalKultura.eus-i azaldu legez, “Oso Topaketa berezia izan da, 'Barro tal vez' Gune Holistiko Komunitarioan, Cosquin ibaiaren ertzean eta Pan de Azucar izeneko mendia atze-ohial. Cosquin herriak lotura estua du musikarekin eta testuinguru horretan eta Topaketa hasteko bezperan, ostiral gauean, Gerorak ‘Nomadak TX’ dokumentala proiektatu zuen. Jende interesatu asko etorri zen eta euskal musikak liluratuta, larunbat gauean ere etorri ziren, gure musikariak entzuteko”.
FEVAtik esker beroak luzatu nahi dizkiete euskal argentinar musikariei, bereziki Laurak Bateko Jose Maria Gutierrez-i, egindako koordinatzaile lanagatik, eta Elba Mocoroari eta Gerora Elkarteari, beren laguntzagatik.
Topaketako argazki gehiago, hemen.