euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Geroa eta Itxaropena' argazki erakusketa New Yorken dago ikusgai, Quebec-en izan ostean

2011/10/06

Ibon Santiago, Angela Mejias eta Jose Antonio Alcayaga erakusketaren inaugurazioa New Yorkeko Eusko Etxean (argazkia AMejias)
Ibon Santiago, Angela Mejias eta Jose Antonio Alcayaga erakusketaren inaugurazioa New Yorkeko Eusko Etxean (argazkia AMejias)

PUBLIZITATEA

Iragan asteburutik eta hil honetako 15a arte ikusgai da New Yorkeko Eusko Etxean 'Geroa eta Itxaropena' erakusketa. Angela Mejias argazkilari euskal-extremadutarraren lana da erakusketa eta bertan euskal kultura eta eguneroko bizitzaren 60 irudi biltzen dira. Erakusketa New Yorkera heldu aurretik Quebec-en izan zen ikusgai, bertako Euskaldunak Euskal Etxearen 15. urteurrenean. Iparraldeko Euskal Kultur Elkarteak lagundu du argazki sorta Ameriketara ekartzen eta, orain, Atlantikoaz beste dagoela probestuz, AEBetako beste euskal etxeetan ere erakutsi nahi dute.

New York, AEB. Eusko Etxea elkartean ikusgai da iragan asteburuaz geroztik Angela Mejias argazkilariaren 'Geroa eta Itxaropena' erakusketa. Extremaduran jaio zen Mejias, baina Baionan bizi da txikitandik. Irudi hauetan Mejiasek euskal kulturari buruz duen ikuspegia islatzen du, oso gertukoa sentitzen baitu. "Horregatik jarri diot izenburua euskaraz, ze beste hizkuntzak azaldu ahal izango luke-eta hemen bizitzerakoan sentitzen dudana? Ahaztu gabe, gainera, Extremadurakoa izanagatik ez nautela sekula desberdin sentitu arazi?", azaldu dio Mejiasek EuskalKultura.com-i.

New Yorkera heldu aurretik erakusketa Montrealen izan zen, Quebec-eko Euskaldunak elkartearen 15. urteurrena kari. Argazkiak Baionatik Ameriketara ekartzeko Mejiasek Euskal Kultur Erakundearen laguntza izan zuen. "Abentura nahiko zoroa eta ausarta izan da, baina tira, EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoinen sostenguarekin eta Montrealeko Euskal Etxeko presidente Adelaide Darasperen laguntzarekin buru-belarri sartu nintzen bidaian", azaldu du Mejiasek. 

 'Geroa eta Itxaropena' Nueva York (3)

['Geroa eta Itxaropena' erakusketako irudi bat (argazkia AMejias)]

Montrealetik New Yorkera egin du jauzi erakusketak, Sagar Handiko lagunen ahaleginari esker: Eusko Etxea-ko Ibon Santiago, Jose Antonio Alcayaga eta Itziar Albisu presidentea tartean, besteak beste. Iragan asteburuan inauguratu zen erakusketa eta hilaren 15a arte izango da ikusgai. Horren ondoren, Mejiasen ametsa erakusketa beste euskal etxeetara ere bidaiatzea da.

'Geroa eta Itxaropena' Nueva York (2)

[Montrealeko Euskal Etxeko lagunak ere parte hartu zuten New Yorkeko inaugurazio ekitaldian]

Mejiasek immigranteen esperientzia oso gertukoa du, nahiz eta bera urtebeterekin heldu Baionara. "Zer dela eta dudan inteses hau? Agian jakinminagatik, immigrazioaren kontu oso indartsua baita. Nik ez dut beste batzuek bezala sentitzen, baina nire aita gogoan dut, beti 'hango' kontuak esaten: herria, jendea, ohiturak... Agian hortik dator mila galderei erantzuna emateko gogo hau; norbaitek bere herria uzten duenean tripan zulo bat gelditzen zaiola jakitetik".

-Angela Mejiasi buruzko informazio gehiago bere webgunean, hemen

-Erakusketa zure euskal etxera eraman nahi baduzu, idatz iezaiozu Angela Mejiasi hona.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia