euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernikari buruzko klasea eta herriko Gizataldeen Azokako partaidetza Loretako Euskaldunak EEaren eskutik

2012/04/20

Loretako Euskaldunak euskal etxeko kideak Gizataldeen Azokan. Ezkerretik eskuinera:  Mirta Arrambide, Elsa Jaca, Mónica Arrazubieta, Susana Echeverría, Graciana Goicoechandia, Luisa Andraca eta Ana Giurlani (argazkia EE)
Loretako Euskaldunak euskal etxeko kideak Gizataldeen Azokan. Ezkerretik eskuinera: Mirta Arrambide, Elsa Jaca, Mónica Arrazubieta, Susana Echeverría, Graciana Goicoechandia, Luisa Andraca eta Ana Giurlani (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga gogoan izateko hainbat ekintza garatzen ari dira euskal erakunde anitzetan apiril honetan. Askok, gainera, Bizkaiko hiribilduan gertatutakoa euskal etxeen eremutik kanpo ezagutaraztea finkatu dute helburu. Las Flores herrian, Buenos Aires probintzia argentinarrean eta xede horrekin, Gernikaren historian sakondu zuten San Miguel Institutuko seigarren urratseko neska-mutilek. Komunitatearengana heltzeko asmoarekin ere, herriko Gizataldeen Azokan parte hartu berri dute Loretako Euskaldunak euskal etxeko kideek.

Las Flores, Argentina. Euskal Herriko kultura hedatzearen alde lan egiten dute diasporako euskal etxeek eta ez euskal jatorrizko lagunen artean soilik. Izan ere kolektibitatearen mugak gainditzea eta ahalik eta jende gehienek euskaldunen historia eta orainaldia ezagutzea da zenbait erakunderen erronka. Kari horretara eta Loretako Euskaldunak euskal etxearen eskutik Graciana Goicoechandia lehendakaria bultzatzaile, Gernikako Bonbardaketari buruzko ikerlan txiki bat egin dute Las Floresko San Miguel Institutuko seigarren urratseko ikasleek.

"Gizarte Zientziak arloko ikasgai hartu genuen, ni neu naiz kurtsoa ematen duen irakaslea eta oso egokia iruditu zitzaidan ikasleek Gernika eta Gernikak islatzen duena ikertzea. Gaur egungo kultura eta estetikarekin lotu zuten ikasi zutena eta ikerketa laburrak egin zituzten, testu eta bideoekin. Ikasle askorentzat Euskal Herriko kulturarekin izandako lehenengo kontaktua izan da eta oso interesgarria iruditu zitzaien”, azaldu dio Graciana Goicoechandiak EuskalKultura.com-i.

Las Floreseko Gernikari buruzko klaseak 2012 01

[Graciana Goicoechandia San Miguel Institutuko seigarren urratseko ikasleek inguratuta]

Beste gai batera etorriz, Loretako Euskaldunak-eko arduradunek jakinarazi dute euskal etxeak herriko III. Gizataldeen Azokan hartu zuela parte joan den martxoan. Ekitaldia lau egunez luzatu zen eta ehun bat erakunde bildu zituen Mitre Plazan. Euskal standean Euskal Herriari buruzko informazioa eskuratu eta Pirinioetako plater eta edari tipikoak dastatu ahal izan zituzten azokako bisitariek.

bestalde, Las Flores herriko euskal etxeko lagunek iragarri dute laster Ohiko Biltzar Nagusia burutuko dutela.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia