euskal diaspora eta kultura
2013/05/03
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Montevideoko euskal elkarteek Gernikako Bonbardaketa gogoratu zuten apirilaren hondarrean, zenbait ekitaldirekin. Batetik, Centro Euskaro eta Haize Hegoa elkarteek bat egin zuten apirilaren 28an, bertako Guernica Plazako haritzaren aurrean lore eskaintza egiteko.
Bestetik, hiriburu uruguaiarreko Euskal Erria elkarteak "Gernika, El Bombardeo" dokumentalaren emanaldia egin zuen elkartearen egoitzan, eta ondoren Horacio Farias adituak "Guernica, otra mirada" izenburutu zuen hitzaldia eskaini zuen. Elkarteko bazkideek adi-adi jarraitu zituzten Fariasen azalpenak, Picassok bere maisulana egiteko jarraitu zituen pausoak erakutsi zituen eta.
[Horacio Farias Guernica margolana nola egin zen pausoz-pauso azaltzen Euskal Erria elkartean (argazkia EuskalErria)]
Guernica-ren erreplika Bogotan
Kolonbian, bestalde, Bogotako Euskal Etxeak eta Euskadiren hiriburu horretako Ordezkaritzak Picassoren maisulanaren erreplika bat oparitu zioten hiriko udalari. Ekitaldia apirilaren 26an egin zen, Palermoko Gernika Parkean, euskal etxearen egoitza ondoan. Bertan izan ziren Euskal Etxeko arduradunak, ordezkaritzaren buru Liliana Guzmán zuzendaria, francisco Abrisqueta presidentearen izenean; Gustavo Petro alkatea, Palermoko alkate Ivan Fresneda, Euskadiko ordezkari Rafael Kutz eta beste zenbait agintari
Erreplika zeramikaz eginiko mural erraldoia da eta Gernika Parkean jarriko dute behin-betiko, momentuz, Bogotako Oroimen Historikoaren Zentroan ikusgai izango bada ere.
Alemaniar gudari bati gomuta
Alemanian Berlingo Euskal Etxeak Guernica-Platz enparantzan lore eskaintza egin zuten erasoaldiko biktimen oroimenez. Ondoren, elkarteko kide eta sortzaile izan zen Fritz Teppich (1918-2012) lagunaren hilobian ekitaldia egin zuten.
[Constanze eta Hans-Joachim, Berlingo Euskal Etxeko kideak, Guernica Platz enparantzako plaka oroigarriaren ondoan (argazkia BerlinEE)]
Teppich 36ko gerran gudari izan zen eta bere herrialdera bueltatu zenean "Berlingo Euskal Etxea - Gernika Deutsch-baskischer Kurlturverein e.V." elkartea sortzen lagundu zuen. Ekitaldian, berak idatzi zuen "Der rote Pfadfinder" liburuko pasarteak irakurri zituzten elkarteko lagunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus