euskal diaspora eta kultura
2008/07/22
PUBLIZITATEA
Gernika, Bizkaia. Gaudeamus Koraleko partaideak itzuli dira dagoeneko Euskal Herrira Austriako Graz herrian Abesbatzen Olinpiadetako bosgarren edizioan parte hartu ondoren. 8 eta 20 urte bitarteko 60 haur baino gehiago abiatu ziren Graz-era. Txikienek ondo pasatzeko helburu behinena edukita ere, dotore aritu eta euren kategoriako munduko hirugarren gelditu ziren. Ekitaldi garrantzitsu honetan talde gernikarrak urrezko bi domina lortu zituen Polifonia eta Haur Polifonia kategorietan, eta zilarra Erlijio Kantuen mailan.
Garaipen hauen atzetik lan handia eta gogorra egon dela aitortu dute taldeko arduradunek. Izan ere, gernikarrak duela bi urte Txinan egindako Olinpiadak amaitu zirenetik aritu dira gogor lanean Austriako txapelketa prestatzen. 'Duela bi urte, Txinan, oso maila handia ikusi genuen eta taldeko helduenak kezkatuta zeuden Grazen egon zitekeen mailarengatik', azpimarratzen dio Gaudeamus-eko zuzendari Julia Foruriak EuskalKultura.com-i. Olinpiadotan, gainera, kantatzeaz gain, obrak interpretatzea eskatzen dute. Beraz, 'parte hartzeko programa egokia aukeratzea oso garrantzitsua izan da', azaltzen du Foruriak.
[Gaudeamus Korala abesbatzako taldekideak garaipena ospatzen Austrian (argazkia GK)]
Sagardoari buruzko emanaldia Austrian
Gernikarrek eskainitako lan gehienak euskaldunak izan dira. 'Gu euskaldunak izanda, Euskal Herriko musika erakutsi nahi genuen Austrian', azpimarratzen du abesbatzako zuzendariak. Besteak beste, Eva Ugalde eta David Azurza musikagile gipuzkoarren lanak eta Bilintxen 'Loreak Udan' kanta eskaini dituzte Olinpiadetan. Aipatzekoa da baita ere sagardoari buruz egindako emanaldi 'zirarragarria'. Kanten eta antzezlanaren bidez, Euskal Herrian tradizio handia duen edari honen elaborazio prozesua azaldu zuten ikusleen aurrean.
Taldekideek merezitako atseden labur bat egin zuten Olinpiaden ostean Vienan, baina segituan jarriko dira lanean berriro ere. Gaur, Madalena jaiak direla-eta, gernikarrak Alacanteko Torrevieja (Espainia) herrira bidean dira bertako jaialdi batean parte hartzeko. Julia Foruriak aipatzen duenez, 'gazteenak izango gara jaialdian'. Bestalde, abuztuaren 7an ekitaldia eskainiko du abesbatzak Najeran (Errioxa, Espainia) eta atseden luzeago bat egin ondoren, taldeko gidariak aurreratu duenez, udan bertan Erroman egingo den erlijio jaialdi batean parte hartzea hausnartzen ari dira.
Lotura interesgarriak
Gaudeamus Korala
http://gaudeamuskorala.blogspot.com
Abesbatza Olinpiadei buruzko informazio gehiago
www.musika-mundi.com
Gaudeamus korala oso abesbatz ona da baina arazo handi bat du bere aurrean. Dirufalta. Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak eman beharko lituzke mundu mailan egiten diren konkurtsoetarako honen bidez geure herria, Euskal Herria, ezagutzera daramagulako. Gu ez goaz Espainia ordezkatzera, Euskal Herria ordezkatzera baino! bestela ikusi argazkiak!!!
Ugaitz, 2008/07/29 12:33
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus