euskal diaspora eta kultura
2013/05/24
PUBLIZITATEA
Jose C. Paz, Argentina. Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanetarako helburuak aurkeztu eta bertako jendearekin ideiak trukatzea izan zen Sara Pagolak Jose C. Paz-eko Toki Eder euskal etxera egindako bisitaren xedea. Eta ondo baino hobeto bete ahal izan zuen xedea Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkariak, Buenos Aires probintziako hiri honetako euskal erakundean pasatutako egunean.
Etxeko batzordekideek egin zioten harrera Pagolari maiatzaren 18an, arratsaldeko 4ak aldera instituzioaren egoitzan. Etxea bisitatu ondoren, Euskadiren Kanpo Harremanei buruzko hitzaldia eman zuen Pagolak publiko jendetsu baten aurrean. Aipatzekoa da Udaleko ordezkariak ere bertaratu zirela Toki Eder-era euskal ofizialarekin elkartzera, hala nola Udaleko Kultur Zuzendari Carlos Narvaez.
[Toki Eder Euskal Etxearen bultzatzaile handia den Maria Angeles Oñederrak eman zion ongietorria Sara Pagolari. Ordezkariaren ondoan, Lidia Lechardoy etxeko egungo lehendakaria (argazkiaEE)]
Hiriko erakunde askotako agintariek ere hartu zuten parte hitzaldian eta hitzaldiaren ondoko solasaldian, tartean Udaleko Komunitate-Jarduera arloko Zuzendari eta Buruzagiak, eskola batzuetako Zuzendariek, ‘Sarmiento’ Elkarte Japoniarreko Presidenteak, ‘Jose Altube’ Museoko kideek, Jose C. Paz herriaren sortzaile izan zen Jose V. Altube oñatiarraren ahaideek, eta 402. zenbakiko Trebakuntza eta Hezkuntza Eskolako Zuzendaria den Victor Zalazar-ek.
Gonbidatuen zerrenda luzea da oso. Ukrainako Kultur Guneko Diruzaina eta euskal etxearen laguntza jasotzen duten elkarteko kideak ere izan ziren ekitaldian. Baina dudarik gabe, aipamen berezi bat merezi dutenak Gral. Rodriguezeko Euskal Etxeko kideak dira partaidetza handia izan ohi baitute eskualdeko euskal etxeen ospakizunetan. Hitzaldia bukatzean, elkarrizketa bana egin zieten Sara Pagola-ri eta Toki Eder-eko Lidia Lucia Lechardoy lehendakariari ‘Aqui la Noticia’ egunkarikoek.
Gernika eta Aberri Eguna
Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak eta Gernikako Bakearen Museoak sortutako 'Gernikako Bonbardaketa – 75 urtemuga' delako erakusketa inauguratu zen Toki Eder-en. Erakusketa ibiltaria maiatzaren 28ra arte egongo da ikusgai euskal etxeko areto nagusian eta ekitaldiaren azken ekintza ‘Zerutik sua dator’ dokumentalaren emanaldia izango da.
[Etxeko ‘Gure Talde Alai’ dantza taldeak Kuadrille eta Fandango dantzatu zituen publikoaren aurrean (argazkiaIrekia)]
Eguneko egitarauari amaiera emateko, Aberri Egunari buruzko hitz batzuk zuzendu zizkien Lidia Lechardoy-k bildutako lagunei. Gogora dezagun Aberri Eguna Pazko igandean ospatzen dela Euskal Herria baina Diasporako euskal erakundeak urteko euren programetara moldatzen dutela; jarraian ‘Gure Talde Alai’-ko neska-mutilek euskal dantza batzuk eskaini zituzten, tartean Kuadrille eta Fandango. Afalorduan, pintxo eta bokatak zerbitzatu ziren. “Oso topaketa hunkigarria izan zen garrantzi handiko bisitariekin ospatu ahal izan genuelako, garrantzi handiko data bat”, adierazi diote EuskalKultura.com-i euskal etxeko bozeramaileek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus