euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena betetzen da gaur eta munduan zehar gogoratuko dute

2012/04/26

Mexiko DFko Euskal Etxean gaur inauguratuko den erakusketaren gonbidapena
Mexiko DFko Euskal Etxean gaur inauguratuko den erakusketaren gonbidapena

PUBLIZITATEA

1937ko apirilaren 26ean aire-armada naziko hegazkinek Gernika erasotu eta herria birrindu zuten. Bonbek eta suteek 126 hildako eragin zituzten. Harrezkero Gernikaren izena gerraren lazgarrikeriaren eta bakearen aldeko mugimenduen ikur bilakatu da; besteak beste, Picassoren "Guernica" margolanaren eraginagatik. 75. urteurrena betetzen den honetan, mezu hori zabaltzeko asmoarekin ekitaldi ugari egingo dira gaur eta inguruko egunetan munduko hainbat hiritan, batez ere euskal Diasporak presentzia duen lekuetan. Horietako bat izango da Mexiko hiria: gaur DFko Euskal Etxean bonbardaketari buruzko erakusketa inauguratuko du Julian Celaya Euskal Gizataldeekin Harremanetarako zuzendariak.

Mexiko Hiria, Mexiko. Euskal Diaspora buru belarri murgilduko da bereziki gaur, baina horretan ibili da aurreko egunetan eta ibiliko da ondokoetan, Gernikaren Bonbarkadetaren 75. urteurreneko ekitaldietan. Munduko euskaldunekin bat egingo du gaur Julian Celayak, Eusko Jaurlaritzako Euskal Herritar eta  Gizataldeentzako zuzendariak, eta Mexiko Hiriko Euskal Etxean ikusgai egongo den bonbardaketari buruzko erakusketaren inaugurazioan hartuko du parte. Ekitaldia arratsaldeko 19:00tan izango da eta erakusketa ekainaren 17a arte egongo da ikusgai Polanco auzoko euskal elkartean. Antzeko erakusketak inauguratuko dira gaur bertan Buenos Aires n, Txileko Santiagon eta Bogotan; eta bihar Bruselan eta Ekuador-ko Cuenca hirian. Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak sustatu dituzte erakusketa hauek eta datozen hilabeteetan beste hainbat hiritan ikusi ahalko dira (informazio osoa, hemen).

Bonbardaketaren urteurreneko ekitaldiak bereziki esanguratsuak izango dira Alemanian, aire-armada naziak gertaeran izan zuen protagonismoa dela eta. Berlinen Euskal Etxeak hiriko Gernika Plazan omenaldia egingo du, erasoa gertatu zen ordu berean. Inguruko elizek kanpaiak joko dituzte hildakoak gogoratuz. Alemaniako Luneburg hirian ere izango da ekitaldirik, bertatik Isa Marinek jakinarazi digunez: Luneburg-eko Unibertsitatea gertakariari buruzko jardunaldiak ari da egiten eta ikasle talde bat Gernikan izan berri da gaiari buruzko lan bat prestatzen. Gaur unibertsitatean Gernika eta Luneburg-en arteko harremana aztertuko dute mintegi batean, zenbait hitzaldi eta aurkezpenen bitartez. Aldi berean, bihar eta etzi, bonbardaketari buruzko erakusketa bat izango da ikusgai. Bukatzeko, ekitaldiak biribilduz, maiatzaren 10ean hitzaldia emango du unibertsitatean Maria Oianguren Gernika Gogoratuz-en zuzendariak.

Londresen, Ingalaterran, London Basque Society-ko kideak elkartearen egoitzan bilduko dira gaur 10:00tan, Bonbardaketan hil zirenen omenezko ekitaldi bat egiteko. Amaitzeko, labur aipatuko ditugu dagoeneko agendara bildu ditugun beste zenbait ekitaldi. Adibidez, gaur bertan Gernika gogoratuko dute Argentinako General Rodríguez, Arrecifes eta Resistencia hirietako euskal etxeetan, Erroman, Liman, Paraguaiko Asuncion-en eta Venezuelako Caraboboko Valencian. Bihar ekitaldiekin bat egingo du Rosarioko euskal etxe argentinarrak eta etzi Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkarteak. Aurrerago ere gauza bera egingo dute Jose C. Paz-ek, Lapridak, Olavarriak... Aipatu, azkenik, elkarte askok Aberri Eguneko jaiarekin batera egin zituztela beste hainbeste omenaldi.

Twitter-en ere izango du isla bonbardaketaren urteurrenak eta zuzenean kontatuko dute zenbait pertsonaia historikok asmatutako profiletatik, Argia-k jakinari duenez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia