euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Gernikako bonbardaketa" erakusketa munduko Euskal Etxeetara eta Euskadiren Ordezkaritzetara helarazi nahi dute

2018/04/10

Gernikako irudia bonbardaketaren ondotik
Gernikako irudia bonbardaketaren ondotik

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak hitzarmena sinatuko dute “Gernikako bonbardaketa” erakusketa kanpoan zabaltzeko, bereziki Euskal Etxeetan eta Euskadiren Ordezkaritzetan. Ekimenak Euskal Diaspora hartu du gehienbat gogoan eta gauzatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzak lankidetza eskatuko die munduko euskal etxeei eta euskal etxeen federazioei.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak “Gernikako bonbardaketa” erakusketa hedatzeko plana antolatu eta martxan jartzea erabaki dute. Ekimena kanpoan bizi den Euskal Komunitatera zuzendurik dago, foru hiribilduak pairatu zuen bonbardaketak itzelezko balio sinbolikoa izan baitu bereziki euskal diasporako partaideen artean.

Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa da “Gernikako bonbardaketa” erakusketaren artxiboko jabetza intelektualeko eskubideen titularra. Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak “Gernikako bonbardaketa” erakusketa osatzen duen artxiboa erabiltzeko eskubidea doan laga dakiola nahiko luke, hura inprimatu eta erakuste aldera.

 

Lankidetza hitzarmenaren bitartez aipatu artxiboa 2018-2020 epean erabiltzeko eskubidea ematen dio Gernikako Bakearen Aldeko Museoak Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari, erakusketa erreproduzitze aldera. Aipatutako epea luzatu ahal izango da, bi parteen arteko akordioaren bitartez. Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta José María Gorroño Gernikako Bakearen Museoa Fundazioaren lehendakariak izenpetuko dute lankidetza hitzarmena.

Planaren arabera antolatuko diren erakusketak batez ere Euskadiren Ordezkaritzetan antolatuko dira, baita ere, munduan zehar barreiatuta dauden Euskal Etxeen lankidetzari esker, hainbat herrialdetako hamaika hiri eta herrietan.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia