euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernikak bakearen aldeko mezua zabalduko du gaur mundura bonbardaketaren 70. urteurreneko ekitaldietan

2007/04/26

Gernikako Bakearen Museoa
Gernikako Bakearen Museoa

PUBLIZITATEA

1937ko apirilaren 26ean Hitlerren abiazioak, Francoren aginduei jarraiki, Gernika bonbardatu zuen, herriko ehunka biztanle hil zirelarik. Naziak prestatzen ari ziren Bigarren Mundu Gudaren entsaioa izan zen erasoa, adituen esanetan. 70 urte geroago gertaera lazgarria ahaztu ez, baina itxaropen eta bakearen ikur bihurtu da Gernika. Gaur urteurreneko ekitaldietan Ibarretxe lehendakariak, nazioarteko hainbat ordezkari eta bakezalek lagunduta, 'Gernikako Adierazpena' irakurriko du, bakearen aldeko manifestua. Testuak munduan zehar oihartzuna izango du Euskadiko ordezkaritza eta euskal etxei esker.
Gernikak 1937ko bonbardaketa gogoratuko du gaur eta bertan izango dira euskal agintariak, bonbardaketa bizi zuten herritarrak eta nazioarteko ordezkaritza zabal bat: Adolfo Pérez Esquivel Bakearen Nobel sariduna, Japoniako Hiroshimako alkate Tadatoshi Akiba, Poloniako Oswiecim hiriko alkate Janusz Marszalek eta Auschwitzeko Nazioarteko Batzordearen Ohorezko Lehendakaria, Julius Goldstein, besteak beste. Ordezkaritza honek babestuta, Ibarretxe lehendakariak 'Gernikako Adierazpena' izeneko aldarrikapena ezagutzera emango du.

Hori izango da eguneko ekitaldi nagusia, baina programak beste hitzordu hauek ere izango ditu. Arratsaldeko 16:30tan lore eskaintza egingo da bonbardaketan hildakoen alde Gernikako Hilerrian, eta 19:30tan Bakearen Aldeko Gernika Sariak emango dituzte. Ekitaldi honetan AEBtako Peace Abbey elkarteak ematen duen Courage of Conscience Award saria hartuko dute bonbarkadetatik bizirik atera ziren gizon eta emakumeek, bakea eta adiskidetzearen alde egindako lanarengatik. Ondotik Pforzheim hiriko Sdwestdeutsches Kammerorchester orkestrak kontzertu eskainiko du (Pforzheim Gernikarekin senidetua dago eta II. Mundu Gudan bonbardatua izan zen). Egunari bukaera emateko 'Gernikaren bonbardaketa - Gernika Story' dokumentala estreinatuko dute.

Berlinen ere

Aurreko artikuluetan azaldu dugun bezala, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenaren ekitaldiek oihartzuna izango dute munduko hainbat tokitan, Euskadiko Ordezkaritza eta euskal etxeei esker. Beste elkarte euskaltzaleek ere ekitaldi bereziak prestatu dituzte urteurrena dela eta, Berlineko Gernika elkarte euskal-alemaniarra kasu. Elkarteak dantza garaikide, simposio, irakurtaldu eta zinema erakusketa bat prestatu ditu, Berlineko Cervantes Institutuaren eta Arsenal zinemaren babesarekin. Wolfgang Wippermannek, Historia Garaikide katedraduna eta Gernika elkarteko lehendakariak, ekitaldien aurkezpenean azaldu zuenez Gernika bakearen aldeko ikur eta gudak sortzen duen saminaren oroigarri bihurtu da.

Berlineko Zinema Zikloak 'Bakea gogoratuz' izenburua du eta gaur bertan 'Lauaxeta / A los cuatro vientos' filma, José A. Zorrillak zuzendua, izango da ikusgai. Biharko emanaldietan Gernika, Arbolaren Espiritua dokumentala, Laurence Boultingek zuzendua eta 'El Frente de Vizcaya y El 18 de Julio', 1937an Falange Españolak egindako propaganda filmeak dira protagonista. Emanaldi hau aurkezteko Peio Aldazábal, Euskal Filmategiko zuzendaria eta Wolfgang Hamdorf zinema kritikaria izango dira Arsenal zineman.


Lotura interesgarriak

Bonbardaketari buruzko informazioa
Wikipedia

Gernika Gogoratuz, Bakearen aldeko Ikerketa Zentroa
www.gernikagogoratuz.org

Euskal Etxe gehiago bildu dira bonbardaketaren urteurrenera
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 24an

Euskal etxeek Gernikaren 70. urteurrena gogoratuko dute
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia