euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernika Rugby Taldeko ordezkariak Argentinan dira kirola, kultura eta Diaspora batzen dituen ekimena aurkezteko

2007/05/18

Jorge Gimenez euskal argentinarra, Gernikaren entrenatzailea, eta Marcos Larrauri managerra
Jorge Gimenez euskal argentinarra, Gernikaren entrenatzailea, eta Marcos Larrauri managerra

PUBLIZITATEA

Ekimena 2004an sortu zen, Gernika Rugby Taldeak egiten dituen jarduerak zabaltzeko asmoz. Taldeak ateak ireki nahi dizkie mundu osoko euskaldunei rugbyaren eta kirolaren bitartez. 'Ekimen honek kirola, kultura eta Diaspora biltzen ditu', azpimarratu dio EuskalKultura.com-i Marcos Larraurik, Gernika Rugby Taldeko managerrak, egunotan Argentinan egiten ari den biran. 'Kirola herrien arteko lotura da eta kirolaren unibertsaltasunari esker euskal klub batek bere ekimena aurkez dezake Argentinan'.
Maiatzaren 11ean hasi zuen Marcos Larrauri Gernika Rugby Taldeko managerrak Argentinako Euskal Etxeetan zehar egiten ari den bira. Berarekin Jorge Gimenez euskalargentinarra dabil, Gernikaren entrenatzailea eta izatez Chacabucokoa dena. Bi euskal ordezkarion biraren helburua Gernika Rubgy Taldearen Kirol eta Kultura Ekimena aurkeztea da eta euskal jatorriko rugby jokalariei honen berri helaraztea.

Gernika Rugby Taldea 1973an jaio zen eta bere lorpenen artean 1990 eta 1993 urteetan Espainiako Kopako txapeldunorde izana aipa daiteke, A mailan. Bere 30. urtea betetzearekin batera taldeak kirola eta kultura batzen dituzten ekimenak sortzea erabaki zuen, Gernika hiria munduko euskaldunentzat historia eta kultura aldetik erreferentzia ezaguna dela aprobetxatuz.

11 euskal argentinar 2004an

Kirol eta kultura ekimen hau 2004 urtean jarri zen abian eta kluba Euskal Etxeekin harremanetan jarri zen, bertako jokalariekin trukeak egiteko asmoz. Urte horretan 11 euskal argentinarrek hartu zuten parte ekimenean. Orain taldeko managerra Argentinan zehar bira egiten ari da, ekimenaren edizio berri bat aurkezteko. 'Gure ustetan ekimenak kirol eta kultura harremana azpimarratzen du, batez ere', azaldu dio Larraurik BasqueHeritage.com-i. 'Gainera, rugbya eta euskal kultura maite dituztenentzat esperientzia oso interesgarria izan daiteke'. [Ezkerreko irudian Marcos Larrauri San Nicolaseko Euskal Etxeko zuzendaritzan hizketan, bertan eman zuen aurkezpenean]

Hiru fitxaketa mota

Bira honetan jasotzen dituzten erantzunen arabera taldeak jokalarien zerrenda bat egingo du. Hiru fitxaketa mota egongo dira:

a) Diru jasoko dutenak, Euskara Beka baten bidez. Behe mailako taldeetako entrenadoreak izango dira eta eskoletan proiektua azaldu eta jokalariak bilatuko dituzte.

b) Lan eskaintza edo graduondoko bekatan oinarritutakoak. Kasu honetan europear pasaportea eduki beharko dute.

c) Trukaketa planean oinarritutakoak, M18, M17 eta M16 mailetako jokalariei zuzenduak. Hilabeteko egonaldia egingo dute Gernikan.

Egunotan Larraurik Mendoza, Chacabuco, Junín, San Nicolás, Santiago del Estero, Tucumán eta San Juaneko Euskal Etxeak bisitatu ditu. Birak aste honetan jarraituko du, San Luís, Bahía Blanca, Trenque Lauquen, Chacabuco berriz, eta Buenos Airesen. Taldearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, bidali e-maila hona.


Lotura interesgarriak

Gernika Rugby Taldea
www.gernikarugby.com

San Nicolaseko Centro Vasco Euskal Etxea
www.euzkalnik.com.ar

Damián Cebey San Nicolaseko EEko presidente berrautatua
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia