2017ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrenena gogoratzeko programa berezia antolatu zuen Uruguaiko hiriburuko Euskal Erria Euskal Etxeak. Nevada-Renoko Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari Xabier Irujo historialaria gonbidatu nagusi, Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketa aurkeztu zuen Elkarteak Uruguaiko Ordezkarien Ganberan eta omenaldi bat burutu Gernika Plazan. Programaren baitan plaka oroigarri bat desestali zuen euskal kolektibitateak Floridan.
Montevideo, Uruguai. Asteko egitaraua azaroaren 30ean hasi zen, hiriburutik 100 kilometrora dagoen Florida hirian. Bertan, herriko euskal kolektibitatea sustatzaile, plaka oroigarri bat desestali zen ‘Arbol de Guernica’ plazatxoan. Plakaren inaugurazioan, plaka eta enparantza euskal immigrazioarentzako omenaldi direla azpimarratu zuten Guillermo Lopez jardunezko alkateak, Curuchet arkitektoak eta herriko Vasconia Florida euskal elkarteko erreferente den Servando Echeverrik. Plazatxoa ‘Ruta de los Murales’ proiektuaren baitan 2015ean inauguratu zen 'Guernica' muralarekin dago lotuta. Plaka desestali ostean, hitzaldia eskaini zuen ‘1937ko apirilaren 26a: Gernikako Bonbardaketa’ izenburupean Xabier Irujo historialariak.
Abenduaren 1ean beste hitzaldi bat eman zuen Nevada-Renoko Euskal Ikasketa Zentroko zuzendariak, oraingo hau Universidad de la Republica-ko Humanitate eta Zientzien Fakultatean. Programarekin jarraituz, hiru ekintza burutu zituen Euskal Erria Euskal Etxeak abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, eta hainbat lagun gonbidatu. Eguerdian omenaldi bat, Bonbardaketako biktimen omenezko oroitarriaren aurrean, Montevideoko Gernika Plazan. Arratsaldean aurten argitaratutako liburuak aurkeztu zituen Euskal Erria argitaletxeak. hauek dira aurtengo nobedadeak Iñaki Anasagastiren “El camino de la derrota"; Sophia Etxeberriaren "Baba Zula and the White Horse"; eta Eneko Sanz, Adriana Patron eta Alberto Irigoyen-en "Cultura vasca en Uruguay Festividades, música y danza (1843 - 1970)". Aurkezpena bukatu eta gero, afaria eskaini zuten Euskal Erria euskal etxe anfitrioiko kideek.
80 urte bete dira aurten Gernikak erasoa jaso zuenetik eta mota askotako ekintzak burutu dira Euskal Herrian zein euskal diasporan 1937an gertatutakoa salatzeko eta biktimak oroitzeko. Urteurrenaren urtea bukatu aurretik, Montevideon, Gernikako Bakearen Museoak prestatua, Bonbardaketari buruzko erakusketa inauguratu zen Ordezkarien Ganberan, bertako Lehendakaritza eta Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxe babesle.
Asteari amaiera emateko, bidaia bereko parte, gai berri bati buruz mintzatu zen Xabier Irujo CLAEH Unibertsitatean. abenduaren 5ean izan zen, gaia genozidio armeniarra.