euskal diaspora eta kultura
2008/10/30
PUBLIZITATEA
Laudio, Araba. Roberto Serrano Euskal Herrian da egunotan, baina aurki San Petersburg-en izango da, handik 'Gernika' aldizkariaren eguneroko martxan laguntzen bere Moskuko taldekideekin batera. Laudion euskal hizkuntzalariak EuskalKultura.com-ekin hitz egin du, dagoeneko bostgarren alea argitaratu duen aldizkari honen sorrera eta helburuak azaltzeko.
'Interneten bidez ezagutu nuen Roman Ignatiev etnografoa. Berak itzuli zuen errusierara Julio Caro Barojaren 'Los vascos' lana', azaltzen du Serranok. Euskaldunak, aldiz, Elhuyarrek 1997an argitaratu zuen Euskara-Errusiera, Errusiera-Euskara hiztegia idatzi zuen, Elena Apariciorekin batera. Ignatiev eta Serranoren arteko topaketak beste errusiar euskaltzale bat ekarri zuen taldera, Alexander Arkhipov hizkuntzalaria. Arkhipovek euskara ikasi zuen Lazkaon eta euskaltzale sutsua da. 'Deigarria da, berak euskaraz bai, baina gazteleraz ez dakielako. Horrek egoera bitxiak sortzen ditu, adibidez, Lazkaon egon zenean neska bat ezagutu zuen, baina neskak ez zuen euskararik egiten eta Alexanderrek gaztelerarik ez!', kontatzen du parrez Serranok. Erromantzea ez zen ondo atera, antza, baina Arkhipoven euskararekin maitasunak sendo dirau. Taldeko laugarren kidea Alexander Grenkov webgune diseinatzailea da eta berak sortu du aldizkariaren orria: www.gernika.ru.
Euskararekiko interesa Moskun
Serranok euskarak Moskun sortzen duen interesa azpimarratzen du, batez ere aldizkariaren irakurle nagusiak diren unibertsitate ikasle eta hizkuntzalarien artean. Izan ere azken urteetan Amaia Egilegor hernaniarrak euskal hizkuntza eta kultura lektoradoa ematen ari da Moskuko Unibertsitatean (Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen programaren barruan) eta 30 bat ikasle biltzen ditu ikastarora. Bestalde, Cervantes Institutua ere euskara ikastaro bat ematen hasi da, larunbatero, bere Moskuko egoitzan. 'Cervanteseko ikastaroa hasi berria da eta dagoeneko hamar bat ikasle daude', aipatzen du Serranok. [Ezkerreko irudian Serrano Ekaterina Kisel kolaboratzailearekin San Petersburg-en uda honetan (argazkia Gernika)]
Gernika joan den otsailean plazaratu zen lehen aldiz eta dagoeneko bostgarren zenbakia dago sarean. Aldizkariak jorratzen dituen gaiak euskal kultura eta literatura eta euskara dira gehienbat. Euskal Herriko herriei buruzko atal fotografiko bat ere eskaintzen du aldizkariak. Webgunean ateratzen diren euskal terminoei buruzko hiztegi bat kontsultatu daiteke, eta datozen hilabeteetan gainera, Serranoren Euskara-Errusiera hiztegia jarriko dute sarean.
Gernika argitaletxea eta euskal jaialdia Moskun
Aldizkariaz gain taldeak beste hainbat ekimen ditu esku artean datozen hilabeteetarako. Horien artean aipagarriena euskal literatura plazaratuko duen argitaletxe baten sorrera da. 'Errusiar gobernuak argitaletxea sortzeko baimena eman digu eta hori oso garrantzitsua, baimen hau lortzea ez delako batere erraza Errusiako burokrazioa eta komunikabideen kontrola dela eta', azaltzen du Seranok. Plazaratuko duten lehen lana Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri' klasikoa izango da, eta horren ostean Julen Gabiria eta Joan Mari Irigoienen lanak aipatzen ditu Serranok.
Beste ekimena euskal kultura ezagutzera emateko udaberrian Moskun antolatuko duten euskal jaialdia izango da. Serranok aipatzen duenez lana errusierara itzulia duten hainbat egile gonbidatzeko asmoa dute; Lourdes Oñederra, Arantxa Urretabizkaia, arestian aipatutako Gabiria eta Irigoien edo Harkaitz Cano gaztea izan daitezke batzuk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus