euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Gernika 80 urte’ erakusketa Pergaminoko Museoen Gauko parte izan da hiriko Lagun Onak Euskal Etxearen eskutik

2017/12/07

Pergaminoko 2017ko Museoen Gaua ekitaldian, 'Gernika 80 urte' erakusketa inauguratu zuten
Pergaminoko 2017ko Museoen Gaua ekitaldian, 'Gernika 80 urte' erakusketa inauguratu zuten

PUBLIZITATEA

Partaidetza bikoitza izan du aurten Pergaminoko Euskal Etxeak hiriko Udalak antolatutako 'Museoen Gaua' ekitaldian. Bonbardaketaren 80. urteurrenaren urtean, Gernikak jasotako erasoa irudikatzen duen erakusketa inauguratu zuen Lagun Onak-ek bertako Udal Museoan. Ekitaldi berean, euskal dantzak eta danborrada eskaini zituzten Euskal Etxeko lagunek INTAko Esperimentu Laborategian antolatutako bisita gidatuan.

Pergamino, Argentina. Azaroaren 24aren iluntzean hasita 24 orduz egin zen ‘Museoen Gaua’ ekitaldia Pergaminon. Tarte horretan hiriko kultur instituzio guztiek euren ateak ireki zizkieten bertaratu ziren herritarrei, gauean zehar euren eskaintza bisitatu eta hainbat ekintzatan parte hartu ahal izateko aukera emanez.

Lagun Onak Euskal Etxea bi proposamen garrantzitsuren protagonista izan da aurtengoan. Batetik, dagozkion izapideak egin zituen Gernikako Bakearen Museoaren aurrean, Museoak Bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta sortutako ‘Gernika 80. Urte’ erakusketa hona ekarri eta aurkeztu ahal izan zezan. Pergaminoko alkate Javier Martínez buru izan zuen inaugurazio ekitaldiaren ostean, hiriko Udal Museoan egon da ikusgai.

Biharamunean, INTA Nekazaritza Teknologia Institutu Nazionala izan zen Lagun Onak-en lagunen elkargunea. Bertan, Nazioko Toki Historikoa izendatu berri den leku honetan itxiera berezia eman zioten Euskal Etxeko artistek Udalak antolatutako bisita gidatuari. Danbor joleek Donostiako danborradaren pieza klasikoak jo zituzten; Goizeko Izarra dantza taldeak, berriz, Makil dantza eta Fandangoa dantzatu zituen.

Urteko azken ekintzak

2017aren amaiera iristen ari da eta Argentinako euskal etxeak duela astebete edo kasu batzuetan duela pare bat aste ekin zioten urteari ‘azken agurra' emateko elkarretaratzeekin. Pergaminoko Lagun Onak-en abenduaren 2an egin zuten urteko azken afaria, ikasturtea bukatu eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuz. Badute hala ere urtea bukatzeko geratzen zaien beste hitzordu bat, Gabonetako oporrak hartu aurretik. Izan ere, abenduaren 9an euskal standa muntatuko dute hiriko ‘Arte Noche’ jaialdian. Ondoren, udako oporrak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia